- Elkarrekin koalizioak prezioen eguneraketa %1era murriztea proposatzen du, eta zuzenketa gehienak hondakinen tasari egin dizkio, zergarik handiena baita bai herritarrentzat eta bai merkataritza sektorearentzat
- “Herritarrek ordainketa horiei aurre egiteko egiten duten ahalegina eramangarriagoa izan daiteke tasaren igoera apaltzen badugu. Horrela, toki erakundeak baliabideak izaten jarraituko du, eta kalitatezko zerbitzu publikoak eman ahalko ditu baina zerga ordaintzaileak sobera zamatu gabe”: Garbiñe Ruiz
Gobernuak 2026ko tasa eta prezio publikoetarako planteaturiko %2,7ko igoera orokorra ikusirik, Elkarrekin koalizioak, Podemos Euskadi, Berdeak Equo, Ezker Anitza IU eta Alianza Verde alderdiek osatuak, neurri hori leuntzea proposatuko dio Maider Etxebarriaren kabineteari, eta %1era jaistea.
Elkarrekin taldea bat dator zerga ordenantzak eguneratu behar direla, eta konturatuta dago birbalorazio hori egiteko erreferentziatzat hartzen dela KPI kontsumo prezioaren indizeak prezioetan eragindako aldaketa, zeina aurten gutxienez %2,5 eta gehienez %2,9 artean mugitzen ari baita.
Baina Elkarrekin taldeak ikusten du soldatak ere ez direla biziaren arabera igo, KPIaren igoera ez baita zuzenean islatu soldatetan. Eta hori aintzat hartzekoa da prezioak eta tasa publikoak ezartzeko orduan.
Hori dela eta, koalizioak proposatzen du igoera hori arintzea, familien ekonomiak hain erasanak geldi ez daitezen. “Familien erosahalmena estu-estu dago. Gastu berdinei edo handiagoei diru berarekin egin behar diete aurre. Hori dela eta, gure ustez, eramangarriagoa izan daiteke ordainketa horiek egiteko egiten den ahalegina baldin eta udal tasen igoera apaltzen badugu eta %1ean utzi, gobernuak proposatutako %2,7koa igo beharrean. Horrela, toki erakundeak baliabideak izaten jarraituko du, eta kalitatezko zerbitzu publikoak eman ahalko ditu baina zerga ordaintzaileak sobera zamatu gabe”, azaldu du Elkarrekin taldeko bozeramaileak, Garbiñe Ruizek.
Erregistratutako zuzenketen artean, hondakinen tasan planteaturiko hobekuntza azpimarratu du Elkarrekin taldeak, hori baita zergarik larriena bai herritarrentzat eta bai sektore komertzialarentzat. Koalizioak dagoeneko erakutsia dio bere adostasun falta 2025eko planteamenduari, eta, 2026koari dagokionez, ez du aldaketa handirik sumatzen; hortaz, lehen bezala pentsatzen jarraitzen du.
Gauzak horrela, Elkarrekin taldeak proposatzen du eguneratzea gaur egun lokalei eta komertzioei ezartzen zaien tarifa sistema, ez baitago oso orekatua, eta aurrera egitea bakoitzak egiaz sortzen duen zaborraren araberako ordainketa sistema baterantz. “Saltokiak alokatuko luke berari dagokion edukiontzi mota, eta hura husteagatik ordainduko luke”, azaldu du Óscar Fernández zinegotziak.
Materia organikoa birziklatzeko edukiontzi marroia erabiltzeagatik aplikaturiko hobariei dagokienez, Elkarrekin taldeak %10etik %15era igo nahi ditu; berriz esan du irizpideak aldatu behar direla, hobariak ez daitezen izan etxeen metro koadroen araberakoak baizik eta etxe horietan erroldaturik dauden pertsona kopuruaren araberakoak; era berean, planteatu dute hobariok errentan bizi direnetara irekitzea eta hobariak jartzea era berean Garbigune eta Reutilizagune programan parte hartzeagatik (%5). Eta, azkenik, planteatu dute %10eko hobaria jasotzea janaria alferrik ez botatzeko programak garatzen dituzten enpresek.
Etxe hutsengatik jartzen den OHZren errekarguari dagokionez, nahiz eta ez den koalizioak bultzatzen duen formula —etxe hutsei kanona aplikatzearen alde dago—, proposatu dute %50etik %150era igotzea gobernuaren proiektuak dakarren errekargua. “Elkarrekin taldeak ez dio uko egiten kanonari; izan ere, iruditzen zaigu berme gehiago ematen dituela tresna horrek OHZren errekarguak baino, eta eraginkorragoa dela etxe hutsak alokairuaren merkatura ateratzeko, baina OHZ gailentzen ari da, eta, bide horretatik jarraitu behar bada, gutxienez %150era igo behar litzateke errekargua, foru arauak baimentzen duen maximora”, adierazi du Garbiñe Ruizek. Gobernuak egindako doikuntzekin ere ez dago ados, errekargurik gabe uzten baititu etxe jabeak baldin eta akreditatzen badute urtean gutxienez 500,50 kwh kontsumitzen dituztela edo 20 m3 ur. Elkarrekin taldeak planteatzen du salbuets daitezela etxeak baldin eta akreditatzen badute urtean pertsona batek kontsumitzen duen ur, argindar edo gasaren herena kontsumitzen dutela gutxienez.
Jarduera ekonomikoaren zergari dagokionez, koalizioak planteatzen du foru arauan datorren koefiziente maximoa aplikatzea.
Elkarrekin taldea ez dago ados TAOaren zortzi orduko tarifa berriarekin, gobernuak orain berriki iragarritakoarekin, eta hura kentzeko eskatuko du.
“Hortik aurrera, ikusi beharko da nola hartzen dituen gobernuak gure proposamenak, zeren eta iaz ia ez zuen negoziatzeko borondaterik erakutsi Elkarrekin taldearekin”, amaitu du Garbiñe Ruizek.