- Koalizioak neurri jakinak eskatu dizkio gobernuari arlo sozialean, etxebizitzarenean, mugikortasunarenean eta birziklatzearenean
Aurrekontuak negoziatzeko baldintza gisa, Elkarrekin Vitoriak –Podemos Euskadi, Berdeak Equo, Ezker Anitza IU eta Alianza Verde alderdiek osatuak– lau konpromiso politiko jarri ditu arlo sozialean, etxebizitzarenean, mugikortasunarenean eta birziklatzearenean. Aurrekontu proiektua aurkeztu zutenean, udal taldeak jada adierazi zuen ezen tokiko gobernuak aurreko urteetatik arrastaka dakartzan arazoak jardunbide berdinekin konpondu nahi zituela, ikusirik ere formula horiek ez direla oso eraginkorrak izan. Koalizioaren ustez, erabakimena, ausardia eta berrikuntza falta izan direlako dago hiria aurrera egin ezinik.
Geldikeria hori ikusirik eta aurrekontuak negoziatzekotan, koalizioak ezin utzizkoak diren lau konpromiso handi eskatu dizkio Maider Etxebarriaren gobernuari lau arlotan: gizarte politikak, etxebizitza, mugikortasuna eta birziklapena.
Arreta sozialaren arloan, Elkarrekin taldeak neguko arreta dispositiboa berreskuratzeko eskatu dio, kalean lo egiten duen jendea behar bezala artatua izan dadin. “Ez dugu nahi inor behartzerik aire librean lo egitera ate irekien jardunaldia aktibatzen den egunetan tokirik ez dagoela eta”, adierazi du Garbiñe Ruizek.
Etxebizitzaren arloan, koalizioak ukorik inoiz egin ez dion neurri bat berriz hartu du nahiz eta gobernuak ez duen arlo horretan bere hitza bete: etxebizitza hutsen kanona. Haien ustez, tresna egokia da alokairu merkeen eskaintza berraktibatzeko eta dinamizatzeko, eta etxe jabeentzat berme emailea da. Konbentzimendu horrekin bat egin du berriki Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak, Denis Itxaso sozialistak, udalei eskatu baitie inplika daitezela kanona ezartzeko. “Aplikazio epeetan zorrotzago jokatuko dugu”, ohartarazi du Elkarrekin taldeak.
Hondakinen kudeaketari dagokionez, bilketa selektiboa udalerri osoko sare komertzial osora zabaltzeko eskatu dute. Haien ustez, egiaz sortzen dutenagatik ordaintzen hasi behar da komertzio eta negozio guztietan; horrela, gutxiago sortzen duenak gutxiago ordainduko du. “Era horretan, hondakinak modu arduratsuan kudeatzea lortuko dugu, hondakinen sorrera gutxitzeko pizgarri ekonomiko bat egongo baita”, esan du Oscar Fernándezek.
Mugikortasunaren arloan, Elkarrekin taldeak jarraitzen du apustu egiten garraio publikoaren doakotasunaren ildoan, eta lehen neurri gisa proposatzen dute gobernua has dadila lanean helmuga garraio publikoaren doakotasunean jarrita 18 urtez azpikoentzat.
“Gure asmoa da gobernua bete-betean jarraraztea lau konpromiso politiko horietan, aurrekontuez hitz egiten hasi baino lehen. Ez dugu onartuko asmoen adierazpen huts bat. Proposamen horiek betetzeko borondatea eta beteko dituelako bermeak aurkezten baditu, negoziatzen jarraitzeko moduan izango gara. Bestela, zaila ikusten dugu elkar ulertzera iristea”.