Gobernuari aurpegiratu diogu oraindik konponbiderik bilatu ez izana Alde Zaharreko 300 etxe eta negozioei, zuntz optikorik gabe baitaude

  • Taldeak udal batzordean galdetuko du zergatik ez den oraindik bete 150.000 euroko aurrekontu saila, zuntz optikora migratzeko bereizia; izan ere, gainerako auzoek dagoeneko badute zuntza
  • “Ez da bidezkoa parte zaharrean bizi diren eta lan egiten duten guztientzat. Ulertezina da jende horrek Europar Batasunean 2016an eskubide unibertsal gisa kontsakraturiko zerbitzura sarbiderik ez izatea, itzalaldi digitaletik urtebete baino gehiago pasatu den honetan”, azpimarratu du Óscar Fernándezek

Elkarrekin udal taldeak –Podemos Euskadi, Berdeak EQUO, Ezker Anitza IU eta Alianza Verde alderdiek osatuak– Hirigintzako zinegotzia interpelatuko du, Borja Rodriguez, ea zerk eragotzi duen kasko historikoan zuntz optikora guztiz migratu ez izana eta zergatik dauden 300 bat etxe eta negozio zerbitzu hori gabe 2023ko irailean itzalaldi digitala gertatu zenetik.

Elkarrekin taldeak ohartarazi duenez, PSEren eta EAJren gobernuak EH Bildurekin adostutako 150.000 euroko aurrekontu saila erabiltzekoa dago, eta urtea bukatzeko bi hilabete falta dira. Alde zaharreko auzokideentzat eta bertan zerbitzuak eta negozioak dituztenentzat, gainera, ez da bidezkoa gainerako herritarrek baino baldintza makurragoetan jardun beharra noiz eta 2016an Europar Batasunak zerbitzu hau eskubide unibertsal gisa kontsakratu zuenean. “Ez da bidezkoa parte zaharrean bizi diren eta lan egiten duten guztientzat. Onartezina da gero. Azalpenak eskatuko ditugu batzordean. Ezin dugu eduki jende hori halako baldintza digital prekarioetan. Zuzendu behar dugu egoera eta bermatu guztiek ere behar bezalako konexioa dutela Internetera. Urtebete igaro da itzalaldi digitala eginez geroztik eta udal gobernuak ez du aurrerapenik egin arazoa konpontzeko”, azpimarratu du Óscar Fernándezek.

Zinegotziaren ustez, ulertzekoa da auzokideek bigarren mailako herritar gisa ikustea beren burua eta kexu agertzea.

Alderdiak 2021ean jada mozio bat defendatu zuen, udal plan baten bitartez Internet herritar guztien eskura irits zedin, salbuespenik gabe; ordurako, gainera, Arabako Foru Aldundia zuntz optikoa lurraldeko txoko guztietara eramaten ari zen Araba Konektatua planarekin.