Berdeak EQUO alderdiak Guggenheim berria Urdaibaiko eskualdearen hondamendia izango dela ohartarazi du

. Euskadiko alderdi berdearen ustez, museoa eraikitzeak, milaka bisitariren eguneroko inbasioarekin, erreserba suntsitzea ekarriko du eta eskualdeko etorkizun ekonomiko eta soziala hipotekatuko du

  • “Ondorioak Urdaibaiko biztanleek ordainduko dituzte, horrek dakarren presio turistikoaren eta espekulazio inmobiliarioaren ondorioz, ur, lurzoru eta etxebizitza eskasia areagotuko delako”, dio Carmen Muñoz bozeramailekideak.
  • Alderdi ekologistak bat egiten du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak larunbaterako, hilak 28, Gernikan deitutako manifestazioarekin

 

Berdeak EQUOk beste dei bat egin die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari Urdaibain proiektatutako planak berrazter daitezen; izan ere, alderdi berdearen ustez, Biosfera Erreserban Guggenheim Museoaren bi egoitza berri eraikitzeak, egunero milaka bisitariren joan-etorriekin, Biosfera Erreserba suntsitu egingo du, eta eskualdeko etorkizun ekonomiko eta soziala hipotekatuko du.

Euskadiko Alderdi Berdearentzat, natur eta giza balioek ematen diote izaera bakar, jator eta berezi hori Urdaibaiko eskualdeari. Ondo kontserbatutako ekosistema baten eta bertan garatzen diren jarduera tradizionalak (arrantza, nekazaritza, abeltzaintza) diren benetako ezaugarrien arteko konbinazioak   errekonozimendu zabala ematen dio eremuari.

Ekosistema berezi honen izaera erabat desitxuratuta geratuko da masa-turismoa erreserbaren bihotzera iristen bada. Kokagune berezi honen ezaugarriekin zerikusirik ez duten  turista oldeen eguneroko   inbasioek mehatxu larriak eta errealak ekarriko lituzkete aniztasun biologiko eta kulturalaren biziraupenerako eta garapen ekonomiko eta sozial bateraturako.

Berdeak EQUOk iragartzen du eskualdeak ez duela izango batere etorkizun itxaropentsurik. Berdeen ustez, ekosistema suntsitzeak eta jarduera tradizionalak desagertzeak, turismo-jarduera jasanezin eta espekulatibo baten mesedetan, Biosferaren Erreserbari zentzua ematen diotenarekin amaituko dute.

“Euskal erakundeek beren planak inposatzen badituzte, eskualdeko biztanleek ordainduko dituzte ondorioak; izan ere, uraren, lurzoruaren eta etxebizitzaren eskasia areagotzen ikusiko dute, turismoaren presioaren eta horrek ekarriko duen higiezinen jarduera espekulatiboaren ondorioz. Erreserbaren aparteko berezitasuna erabat aizunduko da, eta hondamendia errealitate bat izango da. Ez da museorik egongo, eta ez da erreserbarik egongo “, esan du Carmen Muñoz, Berdeak EQUOko bozeramaile kideak.

Alderdi berdearen ustez, garaiz gabiltza ibilbide-orri hori aldatzeko, eta posible da eskualdearentzat etorkizun bidezkoa eta iraunkorra izatea, balio ekologikoekiko errespetuan oinarrituta eta jarduera tradizionalak sustatuta, hala nola nekazaritza ekologikoa, ekoizpen jasangarria, arrantza iraunkorra eta epe luzerako baso-kudeaketa.

Guztiagatik, Berdeak EQUOk bat egingo du urriaren 28an, larunbata, Guggenheim Urdaibai Stop! plataformak deitutako manifestazioarekin, proiektua berehala geldiaraztea eskatzeko.