- Zabalganera joango den tranbiaren azterketari udal taldeak aurkezturiko alegazioetan, alderdiak ohartarazi du metro arinak (goizeko seietan funtzionatzen hasten denak) ez dituela industrialdeko langile guztien ordutegi beharrak estaliko
- Eusko Jaurlaritzari eskatu diote txosten bat agin diezaiola ADIFi ikusteko nola eragingo liekeen lurperatze proiektuak metro arina zabaltzeko esku artean darabiltzaten ibilbideei eta nola bermatuko luketen bateragarritasuna etorkizuneko trenbide azpiegiturarekin
Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal taldeak (Podemos -Ezker Anitza IU- Berdeak EQUO) eskatu du Zabalganera joango den tranbiaren adarrak (Jundizko industrialderaino iritsiko denak) zerbitzu bereziak izan ditzala estaldura zabalagoa eskain dezan eta modua eman dezan langileei desplazatzeko metro arinaren ohiko ordutegitik kanpo. Gasteizen, tranbiaren ohiko ordutegia 06:00etatik 22.45era da, 15 minutuan behingo maiztasuna duelarik. Operatibitate hori ez da nahikoa izango industrialdeko langile kolektibo osoaren ordutegi beharrak estaltzeko. Zerbitzu bereziak beharko dituzte beren lanpostuetara joateko; izan ere, askok seietan hasten dute lanaldia eta ez dute izango tranbiarik ordu horren aurretik.
Hori dela kausa, Elkarrekin taldeak zerbitzu bereziok eskatuko ditu “Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana erdialdearekin konexio-tartea” izenekoari erregistratutako alegazioen buruan, zeinaren ebazpena urriaren 18an argitaratu baitzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. “Industrialdeetako lanpostuetara joaten diren langileen %70 ibilgailu motordun pribatuan joaten dira, baina galdekatutako gehienak prest dira garraio publikoa erabiltzeko. Aitortzen dutenez, ez dute erabiltzen, autobusaren maiztasuna eta geltokiak ez direlako haien beharretara egokitzen. Etorkizuneko tranbiarekin hutsegite bera ez egiteko, zerbitzu bereziak beharko dira. Pertsona horien erreklamazioak aintzat hartu behar dira, modu agerikoan adierazi baitute garraio kolektibook erabiltzeko borondatea”, ohartarazi du Elkarrekin taldeko bozeramaileak, Óscar Fernándezek.
Udal taldeak, Jundizko iritsierarekin loturiko azken alegazioak direla eta, eskatzen du trazatua luzatzeko Areatza kalearen amaieraraino, zertarako eta tranbia industrialdearen sarreran gelditu beharrean barnera sar dadin. Horrela, industrialderaino eramango ditu erabiltzaileak, eta han dagoela, aztertuko litzateke nola osatu gainerako desplazamenduak, anezken bitartez, bizikleten alokairu zerbitzuaren bitartez edo beste alternatiba batzuk erabiliz.
Bestalde, beste alegazio batean, Aretxabaleta aldeko kotxetegien kokapena baztertzeko eskatzen dugu, eta eskatzen dugu Betoñuko alternatibaren alde egin dezatela. Kotxetegiak hiriaren hegoaldeak jartzen badira, horrek aurrez aurre egingo du talka Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren irizpide eta helburuekin, zehazki ingurumena zaindu eta babesteari buruzkoarekin, bai natur balio handieneko elementuei eta bai nekazaritza-abeltzaintza ekoizpenerako lurzoruei. Era berean ez da aintzat hartu nolako eragozpenak sorraraziko dituen kokaleku horrek errepide desplazamenduetan, Gasteizko hegoalde hori zirkulazio dentsitate handiko eremua baita. Eremuak kontrakoa behar du, ibilgailuen zirkulazioa apaltzea eta are eta ibilgailu gehiago igarotzea; hori ekarriko bailuke hegoaldean tranbiaren kotxetegiak egiteak.
Ibilbideari dagokionez, Elkarrekin taldeak azpimarratzen du kontuan izan behar direla inplikaturik dauden eragileek emandako alternatibak, batik bat auzo elkarteek, etorkizuneko zerbitzuaren erabiltzaile nagusi izango direnek, baina aldi berean koalizioak uste du ezinbestekoa dela ADIFek aldez aurretik txosten bat egitea aztertzeko lurperatze proiektuak nolako eragina izango lukeen iradokitako ibilbideetan; hala, argitu ahalko da bateragarriak edo bateraezinak ote diren ibilbide posible horiek eta etorkizuneko trenbide azpiegitura. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Garraio Ministerioaren mende dagoen erakundeari agin diezaiola azterketa hori.