- Kultura lantzeko espazio hau 2021eko irailean inauguratu zuten, Iñaki Perurena harri jasotzailearen “Harria” ikuskizunarekin, eta, geroztik, ez da udal jarduera bakar bat ere izan.
- Aire libreko landare-harmailak 64.141,93 euro kosta ziren, eta 1.600 metro kubiko lur mugitu ziren hondeatze eta betetze lanetan
Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal taldeak Gorka Urtaranen gobernuari eskatu dio programa bat antola dezala Olarizuko aire libreko antzoki berdeari erabilera bat emateko, espazioak eskatzen duenaren modukoa, bioaniztasuna eta ingurumena errespetatuko dituena. Landare anfiteatroa inauguratu zutenetik, orain urtebete pasa, ez da jarduera bakar bat ere izan.
Kultura lantzeko espazio natural horretarako, 1.600 metro kubiko lur mugitu ziren hondeatze eta betetze lanetan, Dehesa etxearen mendebaldeko partzela batean. Anfiteatroan, jarleku jarraitu bat instalatu zen, eta belarrez estalitako harmaila sistema bat, eta hori guztia egiteko 64.141,93 euroko gastua ere egin zuen udalak. “Ez da batere kopuru txikia. Gobernu taldeak, gune berriak sortzeko horrelako erabakiak hartzen dituenean, aurretik plangintza bat egina behar du haiek edukiz betetzeko. Baina, antza, inprobisazioz jokatu dute; izan ere, urtebete baino gehiago darama geldirik guneak, eta ez dute ezta udako kultur programazioan ere sartu. Hori dela eta, gunea erabiltzen has dadila eskatzen dugu, betiere tokiarekin eta bioaniztasunarekin errespetuz jokatuta, inbertitu den dirua ez dadin alferrik botatakoa izan”, esan du Óscar Fernándezek, Elkarrekin taldeko bozeramaileak.
Antzoki berdea eraikitzeko hasierako gastua ez ezik, hor dago partzelak aurten izan duen mantentze kostua ere, ureztaketak eta belarra prestatzea.