- Prezipitazio faltaz gain, 58 zisterna-kamioirekin ura eman dieten Arabako zazpi herriek sarean matxura orokorrak izan direla salatu dute
- “Ahaldun nagusiaren arabera, hornidurarik eza bizilagunen kopurua nabarmen handitzearen ondorio ere bada. Egiteke dauden obrei buruzko aipamenik ez, badirudi ez direla lehentasunezkoak EAJrentzat eta PSOErentzat” deitoratu du Becerrak
- Alderdi berdeak iragarri du Estatuko Aurrekontu Orokorrak zuzenduko dituela berriro, atzeratutako obrak has daitezen, 2022ko kontueetan egin zuen bezala, 10 milioi euroko aurrekontu-partida batekin
Arabako zazpi herri zisterna-kamioiz hornitzera behartzen duten bero-boladen eta prezipitazio eskasiaren gero eta gertakari ohikoagoen aurrean, Berdeak EQUO Euskadiko Alderdi Berdeak Arabako hornidura-sarean hainbat obra egiteko daudela ohartarazi dio Arabako Aldundiari. Foru erakundeak urteak igaro ditu jarduera horiek egin gabe, eta orain, hain egoera zailean, hornidura-arazoak areagotzen ari dira, ez bakarrik euririk ez dagoelako, baizik eta udalerri askotan ura biltzeko eta hornitzeko sarea egoera txarrean dagoelako, behin eta berriz jario egiten baitu.
Izan ere, prezipitazio faltaz gain, 58 zisterna-kamioirekin ura eman dieten Arabako zazpi udalerriek edateko uraren sarean matxura orokorrak izan direla salatu dute, Foru Aldundiak berak jakinarazi duenez.
Arazo horiek arintzeko asmoz, eta Arabako lurraldean ur-hornidurako obrek metatzen duten atzerapen historikoa kontuan hartuta, Más País-Verdes EQUO Kongresu-taldeak Estatuko Aurrekontu Orokorrei erregistratutako zuzenketen artean, proposamen bat sartu zen Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, URA-Uraren Euskal Agentzia eta Arabako Foru Aldundiaren artean hitzarmen bat sortzeko, Ebroko Plan Hidrologikoaren 2021-2027 Berrikuspenean aurreikusitako ur-hornidurako obrak egiteko, 2022ko ekitaldian 10 milioi euroko aurrekontu-partida eta 2023tik 2027ra urtean 5 milioi euroko gastu-konpromisoak.
Tamalez, zuzenketa ez zen onartu. “Ahaldun nagusiaren arabera, hornidurarik eza bizilagunen kopurua nabarmen handitzearen ondorio ere bada. Egiteke dauden obrei buruzko aipamenik ez, badirudi ez direla lehentasunezkoak EAJrentzat eta PSOErentzat. Urteak izan dituzte gobernatzen duten erakundeetatik arazo horiek konpontzeko, eta oraindik ez dute egin”, deitoratu du Joserra Becerra alderdiko bozeramailekideak.