- Eusko Legebiltzarreko alderdiek lortutako adostasuna interes-talde batzuen eskaerei erantzuten die, etxeko animalia guztien babesa eta ongizatea defendatzeko konpromiso irmoari baino gehiago.
- “Aukera galdu dugu aurreko legealdian Berdeak EQUOk defendatu zuena bezalako testu anbiziotsu eta ausartagoa aurrera ateratzeko, animalien ongizatearen arloan Estatu mailan aurrekari izango zena”, Joserra Becerra bozeramaileak deitoratu du
Berdeak EQUOren ustez, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PP+Cs alderdien babesarekin eta Elkarrekin Podemos-IU eta Vox alderdien abstentzioarekin onartutako Konpainiako Animalien Lege berria ez dago euskal gizartearen gehiengo zabal batek partekatzen dituen babes-eskakizun etikoen mailan. Euskadiko alderdi berdeak deitoratu egin du aukera alferrik galdu izana aurreko legealdian Berdeak EQUOk defendatu zuena bezalako testu anbiziotsu eta ausartagoa aurrera ateratzeko, animalien ongizatearen arloan Estatu mailan aurrekari izango zena.
Berdeak EQUOk bere etsipena adierazi du, alderdi parlamentarioek lortutako adostasuna presio-talde jakin batzuen eskaerei erantzuten diela, etxeko animalia guztien babesa eta ongizatea defendatzeko konpromiso irmoari baino gehiago. “Epeek behartuta, baina benetako konbentzimendurik gabe, azkenean talde parlamentarioak akordio batera iritsi dira, baina aurretik hainbat interes-taldeen eskakizunei men eginda. Vox-en poza eta abstentzioa azken bozketan horren froga da. Agerian geratu da ehiza-sektoreak eragin handia duela Legebiltzarreko alderdi guztietan”, Joserra Becerra alderdi berdearen bozeramaileak aurpegiratu duenez.
Hain zuzen ere, Becerrak aurreko legealdian lan nekeza egin zuen –100 bilera baino gehiago erakundeekin eta kolektiboekin– aurreko Gobernuarekin proposamen bat adosteko, baina ezin izan zen amaitu, legegintzaldia behar baino lehenago itxi zelako. Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk, testu hori hartu zuten oinarri lege berri hori aurrera ateratzeko. Hala ere, jatorrizko testua gutxituta geratu da, murrizketa, beherapen eta ez-egite guztien artean.
Etxeko animalien abandonuari eta tratu txarrei dagokienez, Berdeak-ek uste du EAJ-PSEren gobernuak gezurretan itxi duela eztabaida politikoa, eta adostasun ezegonkorra lortu duela hutsunez eta ahuleziaz betetako lege bat onartzeko, zeinak ez baitu bermatzen arrisku handiena jasaten duten animalien babesa eta ongizatea.
Lege horrekin ez da saihestuko, adibidez, ehundaka animalia lagun partikularrek hazten eta saltzen jarraitzea, kateekin lotuta egotea, sotoetan, balkoietan edo ibilgailuetan bizitzea, edo estres- edo larritasun-egoeretan egotea; izan ere, egoera horietako bakar batek ere -Berdeak EQUOk aurreko legegintzaldian Jaurlaritzarekin adostutako Lege Proposamenean jasota zeudenak- ez du arau-hausterik eragingo, ez eta zigorrik ere, arau berriak ez baititu ezartzen.
Azkenik, alderdi berdeak ehiza- eta artzain-animalientzat onartutako salbuespenak gaitzetsi ditu, “animalia laguntzaileak edo lanekoak” eufemismoaren pean. “Eremu horietan bizi-baldintza laidogarri, tratu txar, abandonu eta ezkutuko sakrifizio ugari detektatzen dira. Horregatik, lege berriak lehen eta bigarren mailako animalien existentziari izaera ematen diola uste dugu, haien erabileraren arabera”, Becerrak aurpegiratu duenez.
Ildo horretan, Berdeek nabarmendu dute araudi horrekin txakurtegiak abandonatutako ehiza-txakurrez betetzen jarraituko dela –kaleetan bildutako txakur guztien %30-50 dira–, arau berriak legezko euskarria ematen baitio partikularren aldetik egindako hazteari eta salerosteari.