Berdeak EQUOk Gipuzkoako Aldundiari aurpegiratu dio jabe txikien basoak bereganatu nahi izatea, kudeaketarekin lagundu beharrean, beren landaketak bertan behera utzi edo saldu behar ez izateko

  • Basotik programaren bidez, Gipuzkoan dauden 121.500 hektareetatik 40.000 baso hartu nahi ditu foru-erakundeak, lurrak lagatzeko formularen bidez, kudeatzaile bakarra egon dadin, baina baso-kudeaketan beharrezko aldaketa planteatu gabe

  • Formazio berdearen ustez, kontzentrazio-eredu horrek Gipuzkoako basoen egoera prekarioa larriagotu lezake, Basotik gehienbat ustiapenera bideratuta baitago, eta ez hainbeste baso-masak kontserbatzera, kontserbazioa landa-jarduera eta lurraldearen barneko herrietako bizitza babesteko funtsezkoa izan arren

  • Berdeak EQUOk sektoreko basozainen eta gremioen elkarteentzako aholkularitza-zerbitzu independente bat sortzea proposatu du, horien interesak ez baitatoz beti bat baso-jabe txikien interesekin

Basotik fundazio publikoa ofizialki aurkeztu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, basoen abandonua saihesteko eta jabeek beren borondatez lagako dituzten lursailak kudeatzeko sortu omen da. Berdeak EQUOk, berriz, atsekabea eta ezinegona agertu du foru erakundeak abiatu nahi duen bideagatik. Euskadiko alderdi berdeak gaitzetsi egiten du, fundazio honen bidez, Aldundiak jabe txikien basoen kudeaketa bereganatuko duela, baserritarrei beren ondarea hobeto kudeatzen lagundu beharrean, landaketak lagatzera behartuta egon ez daitezen.

Berdeak EQUOrentzat, hain zuzen ere, administrazioetatik aplikatzen den baso-politika okerra da –baso-industriaren beharretara makurtua eta hazkuntza azkarreko espezieen monolaborantza intentsiboa sustatzen duena– sektorearen gainbeheran lagundu duena, globalizazioak, inportazioagatiko zuraren prezioen jaitsierak, mendien produktibitatearen murrizketak (lurzoruaren emankortasuna galtzeagatik) eta baso-masen agerpenak areagotuta.

Horren aurrean, baserritarrei beren ustiapenen kudeaketari aurre egin ahal izateko irtenbideak eskaini beharrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak beren lurren kudeaketa lagatzera gonbidatzen ditu, erakundeak bere eskuetan 40.000 hektarea baso har ditzan Gipuzkoan dauden 121.500 hektareetatik.

Berdeaken ustez, kontzentrazio- eta kudeaketa-eredu bakar horrek arriskuan jartzen du Gipuzkoako basoen aberastasun naturala; izan ere, gehienbat ustiapenera bideratuta dago, eta ez hainbeste baso-masak kontserbatzera, funtsezkoak baitira tokiko ekosistemak, landa-jarduera eta lurraldearen barnealdeko herrietako bizimodu tradizionala babesteko. “Sektore hori da, halaber, EAJ-PSE-ren formula gogokoena; hau da, baliabide ekonomikoak eta ondare-ondasunakt esku gutxitan bereganatzea eta biltzea, soil-soilik produktibitatean eta botere politiko klientelarrarekin lotura handia duten zenbait sektore ekonomiko aberastean oinarritutako baso-kudeaketa ezartzen jarraitzeko asmoz. Basotik Gipuzkoak baso autoktonoen kontserbazioaren erronkari behingoz aurre egiteko eta monolaborantzaren praktika amaitzeko balio beharko luke. Hori ez egiteak arrisku larrian jartzen du gure basoen etorkizuna, eta zaildu egiten du gure herrialdeak klima-aldaketaren aurka borroka egitea”, ohartarazi du Joserra Becerra alderdiko bozeramailekideak.

Euskadiko berdeen iritziz, aldundiek jabe txikiei lagundu behar diete beren ustiapenei buruzko erabaki estrategikoak hartzen, eta ez diete lurrak lagatzeko irtenbide errazik eskaini behar, edo, kasurik okerrenean, bitarteko enpresei, industria-korporazioei edo landa-munduarekin zerikusirik ez duten inbertsio-taldeei saltzeko aukerarik eman behar, baina hori gertatzen ari da. Horretarako, foru-erakundeek laguntzak bideratu behar dituzte, baso-aprobetxamendua eta baso-eremuen kontserbazioa bateragarri egiteko. Berdeak EQUOk eskatzen du, halaber, espezie bakarreko monolaborantza intentsiboen diru-laguntzak bertan behera uztea, eta Eusko Jaurlaritzak eukaliptoa bezalako espezie inbaditzaileak landatzea debekatzea, eta dekretuz mugatzea matarrasara moztu daitezkeen lursailen gehieneko azalera eta mota, praktika hori izugarri kaltegarria baita lurzoru eta ibaientzat.

Baserritarrei laguntzeko, Berdeak EQUOk proposatu du kanpoko aholkularitza jaso dezatela sektoreko enpresa basozainen eta gremioen elkarteetatik independentea den zerbitzu batetik. Elkarte horien interesak ez datoz beti bat baso-jabe txikien interesekin, baso-kudeaketaren egungo eredua iraunarazi nahi dutelako, kalitate gutxiko zura ekoiztean oinarrituta, balio erantsi gutxiko produktuak fabrikatzeko.