Mozio bat aurkeztuko dugu ordezko tren-ibilbide bat landu dadin Vitoria-Gasteizko udalerritik igaroko diren salgaietarako

  • Udal eta forutaldearen ustez, egungo lurperatze-proiektuan salgaiak Vitoria-Gasteizko udalerritik igarotzeko egiten den proposamena inondik ere ez da nahikoa izango merkantziak errepidetik trenbidera aldatu eta isuri kutsatzaileak murrizteko helburuak bete daitezen.
  • “Proiektuan hiru hariko bide bakarra ageri da salgaien zirkulaziorako eta distantzia ertainerako, eta hori ez da nahikoa izango gure hiritik igarotzen diren merkantzia-trenek erronka klimatikoak bete ditzaten, eta, gainera, benetako inbutu edo botila-lepo bihurtuko du salgaien joan-etorria”, ohartarazi du Óscar Fernándezek, udal taldeko bozeramaileak.
  • “Proiektu hori ezinbestekoa izango da gure industriaren etorkizunerako, logistikaren eta manufakturaren sektorerako, baita gure ekonomiarako ere. Baina ez duenez bermatzen behar adinako merkantzia mugimendurik, eragotzi egingo du Jundizetik abiatuko den trenbide-autobidearen benetako integrazioa”, adierazi du David Rodríguezek.

Elkarrekin alderdiko udal eta foru taldeek (Podemos-EQUO Berdeak – Ezker Anitza) mozioa aurkeztu dute bi erakundeetako Osoko Bilkuran. Bertan, eskatzen dute baztertu dadila salgaien zirkulaziorako ibilbidea lurperatzeko egun dagoen proiektua eta azterlan bat egin dadila bizitegi-eremuetatik kanpo beste ibilbide bat aurkitzeko.

Udal eta foru taldearen ustez, egungo lurperatze-proiektuan salgaiak Vitoria-Gasteizko udalerritik igarotzeko egiten den proposamena inondik ere ez da nahikoa izango merkantziak errepidetik trenbidera aldatzeko helburuak bete daitezen eta, ondorioz, Europatik ezartzen duten erritmoan murriztu daitezen isuri kutsatzaileak.

Ezinbestekoa eta saihetsezina da salgaien mugimendua errepidetik trenbidera eramatea pixkanaka, trenek CO2 gutxiago isurtzen baitute ibilgailu motordunek baino.  Europar Batasunak helburu batzuk ezarri ditu salgaien errepideko garraioa trenbidera aldatzeko, eta 2050. urterako %50era iritsi beharra izango da. Hau da, 2030ean 6 aldiz biderkatu beharko da  trenbideko salgaien garraioa, eta 2050erako 10 aldiz. Zifra horietara iristeko modurik ez da izango lurperatze-proiektuan ezarri den ibilbidearekin. “Vitoria-Gasteiztik igarotzean, hiru hariko bide bakarra egongo da salgaien zirkulaziorako eta distantzia ertainerako, eta horrek benetako inbutu edo botila-lepo bihurtuko du merkantzia-trenen joan-etorria”, ohartarazi du Óscar Fernández alderdiko bozeramaileak.   “Azterlanaren arabera, 35 eta 40 merkantzia-tren artean ibiliko dira noranzko eta egun bakoitzeko, baina guk egindako kalkuluen arabera, Europako helburuetara iristeko, 150 merkantzia-tren igaro beharko lirateke noranzko eta egun bakoitzeko. Datu horiek argi azaltzen duten bezala, egungo lurperatze-proiektuak oso helburu eskasak aurreikusten ditu”, nabarmendu du Fernándezek.

Bestalde, David Rodríguez batzarkide taldeko bozeramaileak azaldu du Arabako industriak, trantsizio ekologiko betean sartua egonik, zer-nolako ondorioak jasan ditzakeen hiru hariko bide bakarra jartzen bada merkantzien zirkulaziorako, eta azpimarratu du Vitoria-Gasteiz puntu estrategikoa dela Sines, Lisboa eta Porto Parisekin eta Europa iparraldearekin lotuko dituen “Atlantikoko Korridorea” esaten zaion trenbide-proiektuan. “Proiektu hori ezinbestekoa izango da gure industriaren etorkizunerako, logistikaren eta manufakturaren sektorerako, baita gure ekonomiarako ere. Baina ez duenez bermatzen behar adinako merkantzia mugimendurik, eragotzi egingo du Jundizetik abiatuko den trenbide-autobidearen benetako integrazioa”, adierazi du Rodríguezek.

Azkenik, Elkarrekin taldeko ordezkariek azaldu dute lurperatze-proiektutik kanpo gelditzen diren auzoek, zehazki Salburuak eta Zabalganak, albo-ondorioak jasango dituztela, besteak beste zaratak eta bibrazioak.   “Zaratak eta bibrazioek eragiten duten ondoeza jasan beharko dute eta, gainera, salgai arriskutsuak pasatuko zaizkie etxebizitzen ondotik, horrek dakarren arriskuarekin, eta eragin larria izango du pertsonek ingurune osasungarrian bizitzeko duten eskubidean”.