-
Greens-EFA-ko kidea da Thomas Weitz, baita 2030erako EBren Baso Estrategiaren elaborazioan diharduen European Greens erakundeko kopresidentea ere, eta Berdeak EQUO alderdiaren eskutik etorri da Euskadira, pinu eta eukalipto espezieen monokultiboari lotutako problematika bertatik bertara ezagutzeko.
-
Ohartarazi dutenez, euskal zur-sektorearen gainbehera ekonomikoa gerta daiteke, biodibertsitatearen galera progresiboaren ondorioz, baita lurren higaduraren eta emankortasuna eta produktibitatea suntsitzearen ondorioz ere; Euskadik egungo baso-kudeaketarekin jarraitzen badu, horri egin beharko dio aurre.
-
Erakunde ekologista eta kontserbazionistekin eta tokiko berdeekin elkartuko dira, euskal baso-politikaren egungo arazoak zuzentzeko lagungarri izan daitezkeen sinergiak ezartzeko helburuarekin.
Europako Parlamentuko Berdeen ordezkaritza bat, 2030erako Europako Batasunaren Baso Estrategia berrirako Greens-EFA taldeko ponente eta arduradun Thomas Weitz europarlamentaria buruan, Euskadira etorri da Berdeak EQUO alderdiaren eskutik, hazkunde azkarreko espezieen (pinua eta eukaliptoa, adibidez, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki oso ugariak direnak) monokultiboari lotutako problematika bertatik bertara ezagutzeko.
Europako berdeen batzordearen ustez, hazkunde azkarreko espezieen monokultiboaren hedadurak eragindako ingurumen-inpaktu negatiboa eta horrek berekin dakartzan ondorio ekonomiko eta sozialak gorabehera, Euskadi garaiz dabil, oraindik ere, bere baso-politika berrorientatzeko, eta ildo horretan, baso jasangarriak lortzeko, tokiko ekonomiarentzat eta euskal gizarte osoarentzat baliagarri izango direnak, eta ez bakarrik gutxi batzuen mesederako. Ohartarazi dutenez, hala ez bada, euskal zur- eta baso-sektoreak gainbehera izango du ezinbestean, biodibertsitatearen galera areagotzearen ondorioz, baita lurren higaduraren eta emankortasuna eta produktibitatea suntsitzearen ondorioz ere; eta, hori gutxi balitz, gaixotasun berriak ere ageri litzateke, “banda marroia” deritzon gaixotasunak pinu sailetan eragindakoa, esaterako.
Europako berdeak, bisitan Berdeak EQUO alderdiko bozeramaile Joserra Becerrarekin eta beste hainbat kiderekin bilduko direnak, erakunde ekologista eta kontserbazionistekin eta tokiko berdeekin elkartuko dira, euskal baso-politikaren egungo arazoak zuzentzeko lagungarri izan daitezkeen sinergiak ezartzeko helburuarekin. Euskadiko alderdi berdearen ustez, indarreko baso-politikak ingurumenari eta gizarteari eragindako kalteez gainera, Euskadin zuraren negozioa gainbeheran dago, eta gobernuko estrategiak ez dira hura arintzeko gai izan. Horregatik, baso-kudeaketarekin lotutako ekonomia eta industria garatzeko formulak aztertuko dituzte, ingurumenari eta ekonomiari dagokienez Euskadirentzat benetan jasangarria izango den eredu baten bila.
“Euskal zur-sektorea gainbehera ari da, baina ez hori bakarrik, guztion ondarea den gure baso-aberastasuna ere galtzen ari da. Azken urteetan, pinuaren banda marroiaren gaixotasuna agertu zenez geroztik batez ere, gure mendientzat kaltegarri diren hazkunde azkarreko baso espezieak landatu dira, espezie autoktono eta koniferoen ordez. Eta eskumeneko euskal administrazioak ezer gutxi egiten ari dira hain kaltegarri diren baso-praktika horiek bertan behera uzteko. Gauzek ezin dute horrela jarraitu”, adierazi du Becerrak.
Berdeak EQUO alderdiak Bizkaiko eta Gipuzkoako udal eta aldundiei eskatzen die beren lurraldeetan eukaliptoak landatzeko ekimena bertan behera utz dezatela, eta titulartasun publikoko mendien industria-landaketak ordenan ordezteko bidea planifika dezatela, baso autoktonoak berreskuratuz, hazkunde motelekoak badira ere kalitate goreneko zura duten espezie autoktonoak landatuz, hala nola gaztainondoa, haritza edo gereziondoa.