Aurrekontu-hitzarmen bat lortuta Gasteizen, batez ere etxebizitzaren arloan

  • Hitzarmenarekin, aurreko aldiko aurrekontuetan abiaturiko lan lerroak sendotzea izan da udal taldearen helburua, eta berreskurapen ildo bat martxan jartzea bai gizarte arloan, bai arlo feministan eta bai arlo berdean.
  • 3,5 milioi eurotik gorako balioa duten 30 zuzenketa dakartza akordioak, baita konpromiso politiko eta ekonomikoak ere honako gai hauetan: etxe alokairua, birgaikuntza, Abetxukuko Ancoraren aktibazioa eta Goya eraikina funtzionamenduan jartzea.

Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal taldeak (Podemos – Ezker Anitza IU- Berdeak EQUO) aurrekontu hitzarmen bat iritsi du Urtaranen taldearekin. Bolada bat zeramaten negoziatzen udal gobernuak 2022rako aurkezturiko aurrekontu proiektuaren inguruan. Hitzarmen horri esker, Elkarrekin taldeak aurreko aurrekontu hitzarmenetan abiaturiko lan lerroak sendotuko dira. Hainbat urtetarako jarraipena emango zaie, eta pandemiatik berreskuratzeko modua izango da bai gizarte arloan, bai arlo feministan eta bai arlo berdean. Hiru zutabe ditu akordioak: indarkeria matxista borrokatzea, inor atzeaz ez uztea berreskurapen prozesuan eta bidezko energia trantsizioa bultzatzea. Hiru zutabe horien inguruan, 30 zuzenketa sartuko dizkio aurrekontu proiektuari, 3,5 milioi eurotik gorako balioa dutenak.

Zuzenketa horietatik kanpo, Elkarrekin-ek eta EAJ-PSEk konpromiso politiko eta ekonomikoak izenpetu dituzte bost gairen bueltan. Administrazio zerbitzu espezifiko bat martxan jartzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Dekretua betetzeko: dekretu horren bidez, modua egongo da gaur egun hutsik dauden etxeak alokairuaren merkatuan jartzeko; Berdintasunerako Zerbitzuan kontratatutako udal langileria indartzea; hainbat urtez birgaikuntzaren arloko laguntzetan inbertitzea (guztira 4,85 milioi euro); Abetxukuko Ancora berreskuratzeko obra lehiaketara ateratzea 2022ko lehen seihilekoan (urtero bi milioi euroko inbertsioa izango duelarik); Goya eraikina funtzionamenduan jartzea turismo berdearen bulego batekin, ekologiaren  ikasgelarekin, bizikletak alokatzeko zerbitzurekin eta auto elektrikoentzako kargaleku batekin.

Elkarrekin-ek giltzarrizkoa den alor bati eman nahi dio bultzada: etxebizitzari. Aurrekontu hitzarmenari esker, 2018an 21 Zabalguneko birgaikuntza-laguntzarik gabe gelditu zirenen egoera amaituko da 2022an; izan ere, egindako eskaera guztiak aintzat hartuak izango dira, eta pagamendua egingo zaie. Era berean, 2022an, milioi bat eta erdi eurotik gora handituko dira etxeak birgaitzeko laguntzak, bi eremu ardatz hartuta: Erdi Aroko alde zaharra eta Koroatze auzoa, berdin dio XX. mendearen bigarren erdiko auzoei laguntzeko Europako funtsak jaso zein ez. Horretaz gainera, Etxebizitzaren Udal Behatokia, aurten martxan jarria, sendotu egin da, eta modua emango du etxe berriak birgaitzeko larrialdi sozialetako programetarako; etxegabetzeen aurkako politikak indartuko ditu funts ekonomikoa berrituta (200.000 euro dituena) eta prebentzio programa berriak aterata, orobat sortuko du zerbitzu tekniko espezifiko bat Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Dekretua betearazteko.

Bestalde, azpimarra jarri duen beste alderdietako bat osasun mentalari begirako politikak dira, bai gazteentzat eta bai biztanleria osoarentzat. Hala, zuzenketak sartu dira gazteei babes psikologikoa emateko programak indartzeko, orobat osasun mental onaren alde egingo duten programa berriak garatzeko bai adinekoentzako politiketan eta bai familia, haur eta nerabeentzakoetan. Ildo berean, Elkarrekin-ek azpimarratzekotzat du garapenerako lankidetzara bideratutako %0,7a, zeinak beherakada handia jasan baitzuen EAJ-PSEren aurrekontu proiektuan.

“Balorazio baikorra egiten dugu aurrekontu akordio berri honena Gasteizerako. Une erabakigarri batean gaude eta prest egon behar dugu. 2022an, Europako berreskurapen funtsak jasotzen hasiko gara, eta gure udalak tropelaren buruan jarri behar du inor atzean ez uzteko. Gainera, hitzarmen honek orain hiru urte abiarazitako lan lerroak sendotzen ditu, eta gelditzeko etorri direla esan daiteke; besteak beste: indarkeria matxistaren aurkako borroka, politika feministak, energia trantsizioa, osasun eta zainketa programak eta etxebizitza politikak. Hitzarmena lortuta, konpromisoa hartzen dugu lanean gogor jarraitzeko, proiektuok guztiok gure udalerriaren mesederako izan daitezen, batik bat jende ahulenaren mesederako, inor ere atzean utzi gabe”.

https://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2021/12/Dossier_ELKARREKINVG_EnmiendasPresupuesto2022_EU.doc