Berdeak EQUO alderdiak aurrekontuak hobetzeko proposamenak aurkezten ditu Elkarrekin udal-taldearen bitartez, etxebizitza bat eskuratzeko bidea erraztuko duen Getxo berdeago baterantz aurrera egiteko

  • Nabarmentzekoak dira Getxon Etxebizitzaren Behatoki bat sortzea, udal-politikak bideratzea ahalbidetuko duena; Bolueko hezeguneko lurrak erostea hiri-baratze publikoak ezartzeko; eta udal-eraikin guztietan gasolioaren erabilera bertan behera uzteko Plan bat
  • Andra Mari landa-auzoa bus elektriko batekin konektatzeko partidak ere planteatzen dituzte, baita Azkorri-Andra Mari eremua Babestu eta Kontserbatzeko Plan bat ere

Berdeak EQUO Uribe Kosta eskualde-taldea Elkarrekin koalizioko kidea da, eta koalizioko udal-taldeak bat egin du 2022rako Getxoko aurrekontu-proiektuari egin dizkiogun ekarpen gehien-gehienekin. Zuzenketa horiek gainerakoekin batera erregistratu ziren, joan den ostiralean.

Besteak beste, alderdi berdeak etxebizitza-gabeziak nabarmendu nahi izan ditu. Getxon oso kezkagarria da etxebizitza bat arrazoizko prezio batean alokatu ahal izateko zailtasun handia; Euskadiko etxebizitza garestienak dauzkan bigarren udalerria gara eta Estatuko lehenetako bat.

Horregatik, alderdi berdearentzat urgentea eta behar-beharrezkoa da alor horretan laguntzeko udal-politikak noranzko egokian bideratzea, itsu-itsuan aurrera egin beharrean. Getxon Etxebizitzaren Behatoki bat sortzea lagungarri izango da zeregin horretan, eta azkenean proposamen hori erantsi zaio Elkarrekin Getxok eremu horretan planteatutako zuzenketa multzoari. “Tresna aktiboa, gardena eta baliagarria izango da Udalarentzat eta gainerako administrazio publikoentzat, Getxon etxebizitza eskuratzeko eskubide unibertsala ahalbidetzeko bidean”, adierazi dute eskualde-taldeko kideek. Hiri-zuhaitzen inbentario bat eta azpiegitura berdeari buruzko diagnostiko bat egiteko ere eskatu dute.

Berdeak EQUO alderdiak Andra Mari landa-auzoan jarri du arreta berezi bat, eta autobus bat eskatzen du auzoa udalerriko erdigunearekin eta Azkorri hondartzarekin konektatzeko. Horretarako, minibus elektrikoko zerbitzu bat ezartzeari buruzko azterlan bat egitea eskatzen dute; Ibarbengoako metro-geltokia Gorrondatxe hondartzarekin lotuko luke uda-partean, eta Bidezabalgo metro-geltokia eta osasun-zentroa auzoko zenbait punturekin urte osoan. Zuzenketa hori ere Elkarrekin udal-taldeak auzo horretarako aintzat hartutako gainerakoen barnean hartu da, baita Azkorri-Andra Mari eremua Babestu eta Kontserbatzeko Plana ere, natura-balio handiko gune hori babesteko, pairatzen duen hirigintza-presio gero eta handiagoari aurre eginez.

Zuzenketa-zerrenda osatzeko, landa-lurrak erosteko zuzenketa bat, Bolueko Ingurumen Aretoaren ondoan hiri-baratze publikoak ezartzeko, eta, horrela, udalerriko elikadura-burujabetzan aurrera egin ahal izateko; Trantsizio Ekologikorako Bulego bat sortzeko beste bat, herritarren eskura tresna baliagarriak jartzeko eta egunerokoan trantsizio energetiko eta ekologikoa bideratzen laguntzeko; eta, azkenik, udal-eraikin guztietan gasolioaren erabilera bertan behera uzteko beste bat. “Udalak lidergo-jarrera bat erakutsi behar du deskarbonizazio-prozesuan, Getxo delako Euskadin, berokuntzarako gasolioa bizitegi-alorrean gehien ezarria duten udalerrietako bat”.