- Euskadiko Alderdi Berdeak, azken uholdeek gehien kolpatutako euskal udalerriei eskatzen die beren udalen hirigintza-araudia URAk eguneratutako uholde-arriskuei buruzko mapetara egoki dezaten. Alderdi berdeak lortu zuen euskal aurrekontuetan horretarako aurrekontu-partida bat sortzea, eta horri esker burutu du URAk zeregin hori.
- “Ezin dezakegu gure udalerrietako garapena planifikatzen jarraitu hemen ezer ere gertatuko ez balitz bezala. Pentsatzekoa da, gure gobernuek neurri drastikoak hartzen ez badituzte behintzat, aurreko egunetako plubiositate handiko fenomenoak areagotu egingo direla, klima-aldaketaren eraginez”
Euskadiko Alderdi Berdearen ustez, Bilboko Udalak urgentziaz ekin behar dio Deustuko Erriberako, Zorrotzaurreko edo Zorrotzako Muturreko eremuetarako hirigintza-planak berrikusteari, URA Uraren Euskal Agentziak egindako uholde-arriskuei buruzko mapa berrietara egokitzearren.
Bilboko Udala, betidanik uholde-arriskua izan duten eremuetan —Zorrotzaurren edo Zorrotza Muturreko etorkizuneko hirigintza-planetan, adibidez— eraikuntza-bolumenei eustearekin tematuta, itsasadarraren kalteak eragiteko aukerak areagotzen ari da, eurite handien ondorioz ur-goraldi bat izaten den bakoitzean.
Aburtoren Gobernuaren asmoa zen euri iraunkorren ondorio larriak saihestea, eta horretarako penintsula irla bihurtu zuten, funts publiko ugarien kontura gainera; alabaina, kontrako efektua gertatzen ari da, hau da, uholde gero eta larriagoak, eta beldurra eta segurtasunik eza etengabea eremu horretan bizi direnen artean. Ildo horretan, 2020ko irailean Berdeak EQUO alderdiak ohartarazi zuen Nerbioi Itsasadarra estutzearekin batera, eremu horretan uholdeak izateko arriskua handituko liratekeela. “Ezinezkoa da klima-aldaketaren errealitate gordina alde batera uztea. Bilboko Udalak urgentziaz ekin behar dio Deustuko Erriberako, Zorrotzaurreko edo Zorrotzako Muturreko eremuetarako hirigintza-planak berrikusteari”.
Egoera horren aurrean, Berdeak EQUO alderdiak Bilboko Gobernu Taldeari eskatzen dio, lehenbailehen, udalaren hirigintza-araudia uholde-arriskuei buruzko mapetara egoki dezan. URAk tresna hori garatu du alderdi berdeak lortu zuelako euskal aurrekontuetan 500.000 euroko aurrekontu-partida bat txertatzea Gobernuak sinatutako akordioaren ondoren. Une hartan onartu zen ibilguetarako ezarritako uholde-arriskuko mugak zaharkituta zeudela. URAk, lehen berrikuspen batean uholde-arriskuan aldaketa esanguratsuak zeudela atzeman ondoren, planoak eguneratzeari ekin dio.
“Aburtoren Gobernuak interes ekonomiko pribatuak lehenesten ditu beti, interes orokorren aurretik. Eremu desegokietan irabazitako lurren gainean eraikitzea kaltegarria da berez Bilboko herritarrontzat, eta horrek ezin dezake albo-kalte gehiagorik ekarri, auzo horietako egungo eta etorkizuneko herritarrei kalte larriak eragiteraino. Zentzugabekeria horri amaiera eman behar dio behingoz, gomendagarritik haratago doazen hirigintza-planak bertan behera utziz”.