Gure aurrekontu-akordioaren ondorioz, Vitoria-Gasteizek indarrak batzen ditu Invert freestyler-arekin, ausazko jokoen eta apustuen arriskuez kontzientziatzeko

Kanpaina hori gauzatu ahal izateko, aurrekontu-hitzarmena sinatu zuen gobernu-taldeak Elkarrekin taldearekin; izan ere, bi taldeek dute jokoak gazteen artean eragiten dituen mendekotasun-portaerei aurre egiteko nahia, arreta bereziki 14 eta 20 urte bitarteko adin-tartean jarriz. Menpekotasunen inguruko azterketen arabera, gazteen artean dagoen jokoaren erabilera eta abusua ahalik eta azkarren landu beharreko egoeretako bat da, portaera problematiko horiek azkar hazi baitira biztanleria-talde horretan azken urteotan.

Raparen bidez sentsibilizatzea. Horixe da Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak bultzatutako kanpainaren helburua. “Apustu egin orduko galdua duzu bataila” goiburuaren pean, ausazko jokoen eta kirol apustuen arriskuen inguruan kontzientziatu nahi ditu nerabe eta gazteak. Horretarako, ‘Invert’ freestylerraren laguntza izan du, errima-borroken alorrean erreferente. Abeslariak rap bat konposatu du berariaz Gasteizko Udalaren kanpainarako, eta, bertan, jokoak gazteei eragin diezazkien arazoen inguruan kontzientziatu eta hausnartzera gonbidatzen du jendea.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek aurkeztu du kanpaina, Óscar Fernández Elkarrekineko zinegotziarekin eta ‘Invert’ berarekin batera. Freestylerrak Redbullen 2014ko Nazioarteko Oilar Batailak irabazi zituen eta Munduko Freestyle Txapelketako txapeldunorde ere izan da Espainiarekin, besteak beste. Aurten Arabako eta Gasteizko enbaxadore turistikoa da.

“Aurten ere, ludopatiaren, kirol apustuen eta ausazko jokoen aurkako borroka bultzatzen jarraitzen dugu. Gaur aurkezten dugun ekitaldia urrats bat gehiago da gazteak kontzientziatzeko, gizarte-mailan kalte handia egiten diguten publizitate-mezuen eta jokorako deien atzean dagoenaz. Ezin dugu ahaztu gazteak bereziki zaurgarriak direla arlo honetan, azpimarratu du Óscar Fernándezek.

“Apustu egin orduko galdua duzu bataila” kanpainak Freestyle Raparen errima-borroken estetika hartzen du publiko gaztearekin konektatzen duen irudia emateko, eta ‘Invert’ek sortutako abestia ezagutzera gonbidatzen ditu gazteak. Abestirako bideoklip bat ere egin da eta Udalaren zein ‘Invert’en sare sozialen bidez zabalduko da. Izan ere, ‘Invert’ek 237.000 jarraitzaile ditu Instagramen, 374.000 YouTuben eta 104.000 Twiterren. Online zabaltzeaz gain, kanpainak euskarri fisikoak izango ditu bide publikoan eta udal eraikinetan. ‘Invert’ek sortutako rapa Spotifyn entzun ahal izango da eta bideokliparen irudietan Gasteizko toki esanguratsuak eta Santa Luzia auzoko skate-parka agertzen dira.

Ekimena Ausazko Jokorik gabeko Nazioarteko Egunaren bezperan aurkezten da. Kanpainari hasiera emateko, gaur arratsaldeko 18:00etan ‘Invert’ek abestia abestu eta bideoklipa aurkeztuko du Jimmy Jazz aretoan, DJ Hazhe-rekin batera. Freestylerra bera aurkezle lanetan arituko da ikusleen arteko errima-borrokan. Bataila horretarako, parte hartu nahi izan duten gazteek beren proposamenak bidali dizkiote aldez aurretik. Ekitaldira joateko beharrezkoa da gonbidapena, eta pertsona guztientzako bada ere, 14 eta 20 urteko bitarteko gazteei dago zuzendua batez ere.

Aurkezpenaren ondoren, kanpainak urte amaierara arte iraungo du. Mezu nagusia hainbat bidetatik zabaltzeaz gain, gazteekin bide publikoan esku-hartzeak egitea ere aurreikusi da. 2019. urtera arte horrelako ekintzak egin izan dira Ai Laket! elkartearen laguntzaz, alkohola eta drogak kontsumitzearen arriskuei buruz kontzientziatzeko. Aurten 2020. urtean hasitako lanarekin jarraituko da, ausazko jokoei eta kirol apustuei lotutako patologien prebentzioari buruzko informazio espezifikoa ere sartzeko.

“Apustu egin orduko galdua duzu bataila” kanpaina Gasteizko ikastetxeen eta EHUko Arabako Campusaren laguntzarekin egin da, eta udal zerbitzu eta atal batzuek ere hartu dute parte, hala nola Gazteria, Euskara, Edukiak, Komunikazioa eta prentsa, Film Office, Gizarte-etxeak eta abar.