- Arantxa Tapiak atzo aurkeztutako 2021-2024 aldirako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana ez da eraginkorra izango. Izan ere, ameskeria da emisioak 1990koen aldean % 30 murriztu nahi izatea hiru urte eskasean, aurreko berrogei urteetan % 11 baino ez direla murriztu aintzat hartuta.
- Enpresa-sektorea, hezkuntza-sektorea eta oro har herritarrak alde batera uzten ditu planak, eta aktore horiek guztiak funtsezkoak dira plana gizarteratu eta errealitate bihurtzeko, klimaren aldeko benetako kultura bat bultzatzeko ezinbestekoak.
- Planak ez dio heltzen, halaber, energia-trantsizioarekin batera ekonomiaren alorrean ezinbestean gauzatu behar den eredu-aldaketari, egungo produkzio- eta kontsumo-ereduak, jasanezina izateaz gainera, klima-aldaketa eragiten eta areagotzen duelako.
Berdeak EQUO alderdiaren iritziz atzo Gobernu Kontseiluak onartutako eta Arantxa Tapiak aurkeztutako 2021-2024 aldirako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Planak ez dauzka egungo zibilizazioak aurrez aurre daukan erronka nagusiari heltzeko behar diren ideiak eta ikuspegi globala. Jaurlaritzaren plan hori ez da eraginkorra izango, emisioen murrizketari eta energia berriztagarrien kuotak igotzeari dagokienez hurrengo 3 urteetarako planteatzen diren helburuak ezin direlako bete planteatzen diren ekimen eskasen eskutik. Izan ere, ameskeria da emisioak 1990koen aldean % 30 murriztu nahi izatea hiru urte eskasean, aurreko berrogei urteetan % 11 baino ez direla murriztu aintzat hartuta.
Bestetik, Euskadiko alderdi berdea atsekabetuta azaldu da Eusko Jaurlaritzak ez duelako ulertzen Plan horretan gizarte osoa sartu behar duela “klimaren aldeko benetako kultura bat sortzeko gai izan gaitezen, erronka horri beharrezkoak diren batasunetik eta erabakimenetik heltzea ahalbidetuko digun kultura, alegia”. Alabaina, Planak 15 ekimen baino ez ditu jasotzen, guztiak ere energiarekin zuzeneko zein zeharkako zerikusia duten jarduerekin lotuta daudenak, eta alde batera uzten du klima-aldaketaren benetako eragilea energiaren kontsumo neurrigabea dela, gure produkzio- eta kontsumo-eredu jasanezinaren eskutik doana; Planak, ordea, ez dio gai horri heldu nahi.
“Plan honek, beste behin, jardun isolatuen zerrenda soil bat baino ez dakar, hitz ederrekin apaindua. Betiko ekimen eskasak jasotzen ditu, betiko energia-sektoreei mesede egiteko prestatuak, baina gizartearen beste sektore batzuk alde batera utzita, Berdeok erreklamatzen dugun klimaren aldeko kultura hegemonikoa sortzeko beharra saihestuz. Etorkizuna dugu jokoan, baina gizartea alde batera uzten ari dira berriz ere. Edo denok batera egiten dugu, edo hau adabaki-jartze bat baino ez da izango”, adierazi du Joserra Becerra Berdeak alderdiko kobozeramaileak.
Finantza-laguntza Euskadiko energia-kooperatibentzat
Horren adibide argia da 33 milioi euroko aurrekontua daukan ekimena, energia-komunitateak bultzatzeko eta eguzki-energia fotovoltaikoaren autokontsumoa garatzeko xedea duen arren, zenbateko horren ia erdia Ekienea eguzki-parkeko makroproiektua finantzatzera bideratuko duena, planta horren mozkinen % 75 Iberdrolarentzat izango direlarik. Berdeak EQUO alderdiko kideok proposatzen dugu diru hori Euskadin kokatutako energia-kooperatibei finantza-alorrean laguntzeko baliatzea, beren kontuetan argiaren igoeraren ondorioak jasaten ari direla aintzat hartuta.
Azkenik, Berdeak EQUO alderdiak uste du euskal erakundeek ez diotela klima-aldaketaren erronkari behar bezala heltzen, egunero baimentzen dituzten proiektuek eta abian jartzen dituzten politikek ez dituztelako berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, eta, hori gutxi balitz, areagotu ere egiten dituztelako.
Ildo horretan, Berdeak EQUO alderdiak jardun-ildo jakin batzuei buruzko aipamenen falta sumatu du, dagoeneko jasanezinak diren sektore askotako jardueretan diharduten enpresek abian jar litzaketenak, hala nola automobilen industriak, baso-sektoreak edo pertsona eta salgaien mugikortasunak. Berdeak EQUO alderdiak jakin nahi du Gobernuak noiz arte itxaron behar duen sektore horiei azaltzeko premiazkoa dutela egiten dutenean eta egiten duten moduan sakoneko aldaketak egitea, eta zeregin horretan nola lagundu eta babestuko zaien.