- Elkarrekin taldeak 14 zuzenketa erregistratu dizkio gobernu-proposamenari, eta irisgarritasunarekin, argi-kutsadurarekin, mugaketekin eta hirian eraikitako ondarearen babesarekin alderdiak biltzen dira zuzenketa horietan.
- Gainera, udal-taldeak udalaren konpromiso irmoa nahi du aldamioetan publizitatea jartzeagatiko etorkizuneko zerga-tasaren bidez bildutako dirua etxebizitzak birgaitzera bideratuko dela ziurtatzeko.
Elkarrekin udal-taldeak –Berdeak EQUO, Ahal DUGU eta Ezker Anitza– 14 zuzenketa erregistratu dizkio udal-gobernuak aurkeztutako aldamioetan publizitatea arautzeko ordenantza-proposamenari. Nabarmenen artean biltzen da ausazko jokoen eta kirol-apustuen publizitatea mugatzea, Kontsumo Ministerioak joko-jardueren komunikazio komertzialei dagokienez berriki onartutako arautzearekin bat etorriz (958/2020 Errege Dekretua). Eginaren Eginez elkarteak irisgarritasuna hobetzeko egin dituen proposamenak ere barnean hartzen dira.
Beste esparru batean, aldamioetako publizitate-iragarkien hazkundeak hiriko argi-kutsadura gehitzea eragin dezala saihestu nahi du Elkarrekin taldeak. Horretarako, auzotarren atsedenerako eskubidea bermatzen duen zuzenketa bat erregistratu du, argiteria irisgarritasuna bermatzera soilik mugatuz.
Hiriko ondare eraikia babesteari dagokionez, interes kulturala duten edo hirigintza-planeamenduak babesten dituen eraikinetan publizitatea zehazki debekatzea iradokitzen du udal-taldeak. Gainera, eraikin horietan aldamioak jarriz gero, eraikinaren fatxadaren irudikapen grafiko bat erakutsi beharko da aldamioa estaliko duen olanan.
Azkenik, Elkarrekin taldeak konpromisoa bilatu nahi du etorkizuneko zerga-ordenantzaren bidez publizitate-elementuak zergapetzetik lortzen den dirua etxebizitzak birgaitzera bideratu dadin. “Aldamioetako publizitatea arautzea modu interesgarria izan daiteke gure hirian eraikinak birgaitzeko beharrezkoak diren obrak finantzatzeko. Haatik, denak ez du balio eta, udal garen aldetik, ezin dugu edozer gauza onartu. Horregatik aurkeztu ditugu irisgarritasuna, kolektibo kalteberen babesa eta ludopatiaren aurkako borroka bermatzen duten zuzenketa hauek”, Oscar Fernandezek adierazi duenez.