Etxebizitza gaietarako kontsulta-tresna berri bat aurkeztu dugu Gasteizen, Udal Gobernuarekin lortutako itunari esker

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik eta EQUO berdeak alderdiko zinegotzia eta Elkarrekin-eko bozeramaile Oscar Fernándezek udalerriko etxebizitzaren egoerarekin lotutako datu, mapa eta adierazleak biltzen dituen web-plataforma berria aurkeztu dute gaur.

Etxebizitzaren Behatokiaren euskarri nagusia izango da, zeina udal gobernuak eta Elkarrekin taldeak adostu baitzuten. Tresna berria “etxebizitzaren arloko informazioa eskuratu eta transferitzen laguntzeko” sortu da, “eremu publikoan erabakiak hartzeko prozesuan eta etxebizitza eskuratzeko eskubide unibertsala betetzen laguntzeko“.

Horrekin lotuta azaldu duenez, mapa tematiko, grafiko, taula eta txostenen bidez erakutsitako eduki interaktibo eta multimediak era arin eta intuitibo batean lagunduko du informazioa estamentu interesatu guztiei helarazten, herritarren, ordezkari publikoen, gizarte-eragileen eta sektoreko profesionalen informazio-eskaerei erantzunez, eta gure hirian etxebizitzaren errealitatea zein den gardentasun handienaz erakusteko xedez.

Elkarrekin taldeko bozeramaile Oscar Fernándezen iritziz, berriz, “neurri horrekin Gasteizko pertsona guztiei etxebizitza duina bermatzeko bidean aurrera egiteko tresna berri bat jartzen da martxan. Etxebizitzaren Udal Behatokiari esker, hiriko alokairuaren prezioen errealitatea ezagutu ahal izango dugu, gaur egun herritarren parte handi batentzat eskuraezinak baitira, eta gehiegikeriak ekidin eta etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu”.

Behatokiak hainbat iturritatik jasoko du informazioa: Gasteizko Udala bera, EUSTAT, Etxebizitzaren Euskal Behatokia, Erregistratzaileen Elkargoa, higiezinen merkatuari buruzko zenbait webgune, eta 21 Zabalgunearen datu propioak. Informazio hori guztia aztertu eta bereiztu egiten da ingurune sinple eta erakargarri batean erakustearren, xehetasun handiagoz.

 

 

 

Izan ere, GIS teknologia eta tresnek gaur egun eskaintzen dituzten diseinu gaitasunak eta errendimendua baliatzen dituen web-atari baten bitartez garatu da Behatokia. Atal eta funtzionalitate hauek ditu atariak:

  • Sarrera eta Gasteizko Etxebizitzaren Behatokiaren aurkezpena.
  • Gaikako mapen galeria:
  • Zoruaren erabilgarrritasuna
  • Etxebizitza parkea
  • Alokatzeko etxebizitzak
  • Etxebizitza berriak eta erabiliak
  • Egoera sozioekonomikoa
  • HAPO
  • Adierazleen atala. Etxebizitzaren Behatokian jasotako datu estatistiko garrantzitsuenak (egungoak eta historikoak).
  • Albisteen atala. GASTEIZKO UDALAK eta 21 ZABALGUNEAK etxebizitzaren arloarekin lotuta argitaratu dituzten albisteekiko estekak.
  • Kontaktua.

Sei mapa tematiko

Plataformak sei mapa tematiko barne hartzen ditu, nabigatzeko eta maneiatzeko aukera ematen dutenak, informazioaren kontsulta arina era erraza izan dadin. Hiriko 31 auzoei buruzko banakako datuak eskaintzen ditu. Lortutako datuak elkarren artean alderatzeko aukera ere ematen du. Mapa guztiek “Info” botoia dute, zeinak informazio-iturriei eta eguneratze-datei buruzko metadatuak erakusten baititu.

Hauxek dira mapak:

1. Lurzoruaren erabilgarrritasuna.

Hirian erabilgarri dagoen lurzoru eraikigarria erakusten du, eta informazio hauek, besteak beste: kokapena, titulartasuna, eraiki daitezkeen etxebizitzen tipologia, aprobetxamenduko metro karratuak (bizitegietarako zein sektore tertziariorako), obrarik egiten ari den…

2.Etxebizitza parkea.

Udalerriko eraikinen ezaugarriak: antzinatasuna, etxebizitza kopurua, eraikinen ikuskapen teknikoa eginda duten, igogailurik duten….

3. Alokatzeko etxebizitzak.

Gasteizen alokatzeko etxebizitzen merkatuaren egoera zehazten du, batez besteko prezioei buruzko informazioa eskainiz, bai indarrean dauden kontratuei buruzkoa bai egiten diren eskaintzena, auzoz auzo. Eskaintzaren kasuan, m2-ko batez besteko prezioak ere ezagutu ahalko ditugu, etxebizitzak duen logela-kopuruaren arabera.

4. Etxebizitza berriak eta erabiliak.

Higiezinen merkatua ezagutzeko bide ematen du mapa horrek, etxebizitza berriak zein bigarren eskukoa bereizita. Metro kuadroko prezioen datuak erakusten dira, bai azken hiruhilekoan saldutako etxebizitzak bai salgai daudenak kontuan hartuz. Saldutako etxebizitzen alorrean, sinatutako hipoteka-kredituen ezaugarriak ere ezagut daitezke, hiri osoa kontuan hartuta edo auzoz auzo.

5.Egoera sozioekonomikoa.

Etxebizitzaren merkatua, salmentan edo alokairuan izan, estuki lotuta dago gure auzoetako bizitza eratzen duten aldagai sozial eta ekonomikoekin. Biztanleriak, langabezia-indizeak, errenta-mailak eta beste adierazle batzuek erakusten digute errealitate hori.

6. Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra.

Gasteizko HAPOa hiriaren garapena arautu eta antolatzen duen dokumentu bizia da. Hiriaren hazkundea orekatzeko helburua du, auzoen artean hirigintza-ezberdintasunik sor ez dadin eta biztanle guztiek bizi-kalitate egokia izan dezaten. Indarrean dagoen plan orokorra osatzen duten mapak eskuratu daitezke, hala nola lurzoruaren sailkapenari, kalifikazio globalei eta kalifikazio xehatuei buruzkoak.

Adierazleak: egungo datuak eta datu historikoak

Atal horretan Etxebizitzaren Behatokian jasotako datu adierazgarri eta garrantzitsuenak ikus daitezke zuzenean, egungoak zein historikoak. Koloretan nabarmendutako balio bakarrak erakusten dira, edo estatistikak eta grafikoak. Informazioa hiri osoari lotutakoa izan daiteke, edo auzoz auzo bereizita, erabiltzaileak eskatzen duenaren arabera.

2021eko lehen hiruhilekotik aurrera jasotako datu historikoak ere ikusteko aukera ematen du, etxebizitzaren merkatuaren eboluzioa kontsultatzeko, bai salerosketari bai alokairuari dagokienez; merkatua osatzen duten etxebizitzen kopurua islatzen du, baita bi aldagai horien batez besteko prezioak ere. Gasteiz osoko zein auzoz auzoko datuak hautatu daitezke.