Euskadiko Alderdi Berdeak uste du Arabako hiriburuak, bere jasangarritasunaren aldeko konpromisoa nazioartean aitortu dutelarik European Green Capital 2012 eta Hiri Berde Globala 2019 sariekin eta Biosphere Responsible Tourism ziurtagiriarekin, bere estrategia turistikoa ekoturismorantz bideratu behar duela, bere ahalmen ekonomiko ugariak ustiatzeko eskura dauzkan ingurumen- eta biodibertsitate-baliabideak asko direla aintzat hartuta.
Horretarako Berdeak EQUO alderdiak uste du ezinbestekoa dela turismo berdeko bulego bat edukitzea, eta kokalekurik onena gasolindegi zaharra litzatekeela iruditzen zaio, erdialdeko toki irisgarri batean dagoelako eta Gasteizko biriketako baten parean, 250 zuhaitz espezie izaki, balio botaniko handia daukan Florida parkearen parean, hain zuzen. Gainera, gasolindegi bat ekoturismoko udal-zentro bihurtzea benetako ikur bat izango litzateke hiriko ibilbide berdearentzat, gune horri balio erantsi bat emanez.
Horregatik, behin Goya gasolindegi mitikoak okupatzen zuen lurzatia deskontaminatzeko tramiteak amaiturik, Berdeak EQUO alderdiak eskatzen du turismo berdean espezializatutako gune bihurtzea. Bertan, bisitariek aukera izango lukete Gasteizko Eraztun Berdea osatzen duten parkeen gaineko informazio baliagarria aurkitzeko: Salburua, bere hezeguneetan mundu-mailan mehatxupean dauden zenbait espezieri babesleku bat ematen diena, hala nola bisoi europarra edo ur-benarriza; Armentiako basoa; Olarizu eta haren lorategi botanikoa; edota udalerria zeharkatzen duten beste bide berde batzuk, hala nola 100 urteko antzinatasuna duen Senda ibilbidea edo Vasco-navarro trenbidea zenaren bide berdea.
Gainera, gasolindegiaren aurreko bulegoan eskaintzen den bizikleta-alokairua aprobetxatuz, Goyatik bizikleta-ibilbide gidatuak abia litezke Eraztun Berdean barrena zein Lautadako gainerako bide berdeetan barrena, Zadorraren bide berdea eta Gasteizko mendietan eta Badaiako eta Arratoko mendilerroetan barreneko baliabide naturalistikoak bereziki bultzatuko liratekeelarik.
Hiriko eta inguruetako ondare natural oparoa kontzentratuko da erakusleiho horretan, eta horrek turistak animatuko ditu bisitaldia luzatzera eta gaualdi kopurua gehitzera, Gasteizko sektoreak gainditu beharreko erronka.