Hiriguneak lantokiekin lotuko dituen Ezkerralderako bidegorrien eskualde-sare bat sortzea proposatzen dugu, lanerako joan-etorrietarako bizikleta garraiobide gisa bultzatzeko.

  • Euskadiko alderdi berdearen ustez, ikuspuntu ludikoa eta kirol-arlokoa soilik kontuan hartuta diseinatzen dituzte Bizkaiko erakundeek bizikleta-azpiegiturak

  • Alderdi berdeak, zeinak Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialerako alegazioen zerrenda uztailean erregistratu zuen , uste du beste mugikortasun mota jasangarriago bati eman behar zaiola lehentasuna bizikletak lanerako, ikastetxeetarako edo erosketak egiteko eguneroko joan-etorrietan leku nabarmena izan dezan, ibilgailu motordun kutsagarrien ordez

  • Hori lortzeko, Ezkerraldeko hiriguneak eta lantoki nagusiak bizikleta-erreiekin eta trafikoa baretzeko guneekin lotzea proposatzen dute, baita eskualdean bizikletak alokatzeko udalaz gaindiko zerbitzu bat sortzea ere, horrekin batera

Ezkerraldeko Berdeak EQUO alderdiaren eskualde-taldeak uste du ikuspegi ludikoa eta kirol-arlokoa soilik kontuan hartuta ari direla Bizkaiko erakundeak bizikleta-azpiegiturak diseinatzen. Prozedura horren eraginez, bertako eta inguruko udalerrietan bidegorriak ezartzeko jardunek, baita gauzatzeke dauden proiektuek ere, ez diete erantzuten herritarrek joan-etorriak egiteko dituzten benetako premiei. Bizikleta-azpiegitura horiek, lurraldearen elementu egituratzaile bat izatetik urrun, sakabanatutako eta loturarik gabeko bide-zatiez osatutako sare bat ekarri dute, udalerriak elkarren artean lotzeko baliagarria ez den sarea. Gune periferikoak soilik konektatzen dira elkarren artean, baina ez daude hiriguneekin lotzeko beharrezkoak diren loturak.

Bizkaiko Foru Aldundia

Gabezia hori konpontzeko eta beste mugikortasun mota batean aurrera egiteko –zeinean bizikletak lanerako, ikastetxeetarako edo erosketak egiteko eguneroko joan-etorrietan leku nabarmena izango duen–, hiriguneak lantokiekin lotuko dituen bidegorri-sare bat sortzea proposatzen du Berdeak EQUO alderdiko Ezkerraldeko eskualde-taldeak, betiere bizikleta herritarren egunerokoan ohiko garraiobide gisa bultzatzeko, ibilgailu motordun kutsagarrien ordez.

 Horretarako, honako neurri zehatz hauek planteatzen ditu alderdi berdeak:

  • Ezkerraldeko udalerri guztietako hiriguneak eta lantoki nagusiak bizikleta-erreiekin eta trafikoa baretzeko guneekin (ziklokaleak) lotzea, eta sare nagusia hiri-antolamenduko udal-jardunekin eta mugikortasun-ordenantzen egokitzapenekin osatzea.

  • Bizikleta-aparkaleku seguruz osatutako azpiegitura bat diseinatzea eskualdeko hiriguneetan.

  • Bizikletak mailegatzeko udalaz gaindiko zerbitzu bat sortzea, bizikletak eskualdeko edozein udalerritan alokatzeko, erabiltzeko eta itzultzeko moduan.

  • ADIFen eta Metroaren geltokietan aparkaleku seguruak jartzea, betiere bizikleta-erabiltzaileek beren ibilgailuak tren-unitateetan zertan sartu gabe. Sartu behar badituzte, bizikleta horiek garraiatzeko egokitu beharko dira konboiak.

Bidegorrien eskualde-sareari dagokionez, bizikletaz egin daitekeen eskualdeko sarea berriz diseinatzeko modua pentsatzen ari da Berdeak EQUO Ezkerraldea, honako konexio hauekin artikulatuz:

  • Ibaizabalen ertzetik Bilbo eta Zierbena arteko bidegorria osatzea, bidegorri hori Ballontiko bidegorrirantz jarraituz gainera.

  • Trapagarango eta Ortuellako hiriguneak Ballontiko bidegorriarekin lotzea.

Beste jardun batzuk ere biltzen ditu alderdi berdeak, eta honako kokaleku hauen arteko bizikleta bidezko komunikazioak lotzea, kasu batzuetan, eta hobetzea, beste batzuetan, ahalbidetuko dute:

Zierbena-La Arena hondartza-Bilboko portua; Muskiz-Abanto eta Zierbena; Ortuella-Trapagaran-Ugarte Sestao-Portugalete; Cruces-El Regato.

Proposamen horietako batzuk alderdiak uztailean berretsi zuen Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialari egindako alegazioen zerrendan jasota daude.