- Alderdi berdeak premiaz eskatzen dio Arabako Foru Aldundiari, beste hainbat neurriren artean, trafikoa lasaitzeko gune bat eta espezie mehatxatuen presentzia adieraziko duten balizen antolaera berria ezar ditzala, bertan gertatu diren animalien bi trafiko-istripu jarraituen ondoren
- Alderdi ekologistak Foru Aldundia kritikatu du bost urtean Salburuko kudeaketa-planari esleitutako aurrekontu totalaren % 20 ere ez duelako inbertitu (sei milioi eurotik gorakoa da aurrekontua)
Berdeak EQUO alderdiaren ustez Foru Aldundia zabarkeriaz eta arduragabekeriaz ari da jokatzen, ez baitu prebentzio-neurririk hartzen Salburuko inguruan behin eta berriz gertatzen ari diren faunaren trafiko-istripuak saihesteko. Azken egunotan trafiko-istripua izandako lepahori bat agertu da hilda eta ondoren azeri bat Arkauteko errepidean, parketik hurbil, eta iaz beste istripu batzuk ere izan ziren. Istripu horietako bat N-104 errepidean izan zen, bisoi europar bat suertatu zen hilik, eta Mehatxatutako Espezien Euskal Katalogoaren arabera desagertzeko arriskuan dagoen espezie gisa dago katalogatuta bisoi europarra.
Orduan ere, alderdi berdeak, eta zenbait talde ekologista eta animalistak behin eta berriro eskatu zizkioten prebentzio-ekintzak Arabako Foru Aldundiari. Urtebete baino gehiago igaro ondoren ez dira iritsi oraindik ere. Ugariak dira Foru Aldundiaren ez-betetzeak, eta Foru Aldundia bera da –hezeguneko flora eta fauna babesteko– naturguneak eta mehatxatutako espezieak kudeatzeko organo arduraduna 2015ean esparru hori Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu eta eremuaren kudeaketa-plana onartu zenetik.
Alderdi ekologistak Foru Aldundia kritikatu du bost urtean Salburuko kudeaketa-planari esleitutako aurrekontu totalaren % 20 ere ez duelako inbertitu (sei milioi eurotik gorakoa da aurrekontua). “Arabako Foru Aldundiak ezin du jarraitu Salburua existituko ez balitz bezala jokatzen eta erakunde kudeatzaile gisa erantzukizun bat duela ahazten. Ez dago beste aitzakiarik. Ingurumen Sailak kudeaketa-planean bildutako aurrekontua bideratu behar du eta hori izango da hezeguneen, eta bertan bizi den faunaren eta floraren biziraupena bermatzeko modu bakarra”, adierazi dute Berdeak EQUO alderditik.
Alderdi berdeak premiaz eskatzen dio Arabako Foru Aldundiari gehiago itxaron gabe ekin diezaiola egin beharrekoari istripu gehiagorik izan ez dadin. Salburua inguratzen duten bideetan trafikoa lasaitzeko neurri urgenteak har ditzala proposatzen du alderdiak, abiadura-murrizketekin eta inguruan espezie mehatxatuen presentzia adieraziko duten balizen antolaera berriarekin.