Berdeak EQUO alderdiak presatu egin du Gobernua Enkarterriko aldirietako zerbitzua berehala hobe dezan, lantokietarako joan-etorriak errazteko eta eskualdeko langabezia murrizteko

  • Inés Sabanés alderdi berdeko diputatuak gaur goizen bisitatu du eremua, eta Gobernu zentralaren konpromisoa lortu nahi du Enkarterriko eta Bilbotik Santanderrerainoko tren konbentzionalaren defentsan, eskualdeko “jarduera soziala eta ekonomikoa antolatzeko funtsezkoa” den heinean.

  • “Komunikabide onak funtsezkoak dira lurraldea antolatzeko, baina administrazioek aldirietako trena abandonatu egin dute Abiadura Handiaren mesedetan, nahiz eta aldirietako zerbitzu publiko hori tresna ezin hobea izan langileen eguneroko desplazamenduetarako, gehienak ere lanpostuetara joateko asmoz eginak. Enkarterrin ere, hiriburuekin lotzeko garraio-eskaintza bermatu behar da, Euskadiko beste eskualde batzuetan egiten den bezala”

  • “Trena mugikortasun-politiken erdian jarri behar da. Guk garraio-ministro berriaren agerraldia eskatuko dugu, bidezkoak diren azalpenak eman ditzan, eta gure asmo hori aurrera eramatea ahalbidetuko duten akordio juridiko edo aurrekontu-akordio guztien alde egingo dugula jakinarazteko” iragarri du Sabanések.

Berdeak EQUO alderdiaren ustez, onartezina eta jasanezina da Enkarterrin, langabeziak hain gogor kolpatu duen eskualde batean, oraindik ere gabezia larriak izatea aldirietako tren-sarean, pandemiaren ondorioz azken hilabeteotan areagotu egin direnak, gainera.

Euskadiko alderdi berdearen ustez, egoera hori mantentzea eta okerragotzea eremuko langabezia murriztearen kalterako da, egoiliarrek lana aurkitzeko aukera gutxiago dituztelako komunikabiderik ezean. “Klima-krisiaren testuinguruan, ibilgailu motordunen emisioak murriztera behartuta gaude, eta beraz behar-beharrezkoa da tren-sare konbentzionalean inbertsio handi bat egitea, Enkarterriko aldirietako lineetan eta Bilbo eta Santander arteko lotunean adibidez, biak oso kaltetuta baitaude maiztasunak murriztu eta zerbitzua txartu izanaren ondorioz, eta kasu honetan are larriagoa da, gabezia horiek bertako herritarrentzat oso kaltegarriak direlako, lehendik ere langabeziak gogor kolpatuta zeudela aintzat hartuta. Enkarterrin ere, garraio-eskaintza bermatu behar da, Euskadiko beste eskualde batzuetan egiten den bezala”

Horrela hitz egin du Inés Sabanés Verdes EQUO alderdiko kobozeramaileak eta Más País Verdes EQUO taldearen Kongresuko diputatuak, Bilboko Concordia geltokitik abiatuta Enkarterriko tren-geltokiak bisitatu dituenean. Jarraian, Zallara joan da Santanderretik Bilborako Trenaren Defentsarako Plataformako kideekin biltzeko, Stella García eta Joserra Becerra alderdi berdeak Euskadin dauzkan kobozeramaileekin batera.

“Guretzat ulertezina da Espainiako Gobernuak lehendik dagoen azpiegitura bat alde batera uztea, nahiz eta inbertsio xume samar batzuekin manten daitekeen, eta eraginpeko herrietan bizi direnak nola zokoratzen dituzten ikustea, ondo dakiten arren zergak beste edozeinek bezala ordaintzen dituztela, trukean, zeharo eskasak diren garraio-zerbitzuak jasotzeko”, salatu du Joserra Becerra Berdeak EQUO alderdiko kobozeramaileak.

Egoera hori konponbidean jartzeko, Inés Sabanés diputatuak Raquel Sánchez garraio-ministro berriaren agerraldia eskatuko du, joan den urtarrilean Más País Verdes Equo parlamentu-taldeak Kongresuan aurkeztu zuen legez besteko proposamenaren ildo beretik, Pedro Sánchezen Gobernuari eskatzeko Espainiako iparraldean tren konbentzionalaren etorkizuna defenda dezala, urgentziazko neurri eraginkorrak hartuz Berreraikuntzako Covid Europako Funtsei eta Estatuko Aurrekontu Orokorrei loturik, Kantaurialdeko eskualde eta autonomia-erkidegoentzat (Galizia, Asturias, Gaztela eta Leon, Kantabria eta Euskadi) kalitatezko garraio publiko, sozial eta jasangarria bultzatzearren. Trena mugikortasun-politiken erdian jarri behar da. Guk Gobernuari jakinaraziko diogu gure asmo hori aurrera eramatea ahalbidetuko duten akordio juridiko edo aurrekontu-akordio guztien alde egingo dugula” iragarri du Sabanések.

Ekimen horren bitartez Espainiako Gobernuari eta inplikatutako erakunde guztiei inbertsio-plan espezifiko bat eskatzen zaie lehendik dauden tren-lineak hobetzeko eta mantentzeko, eta Más País-Verdes Equo parlamentu-taldeak lan-ildo hori eraman nahi du, berehala eta lehentasunez, 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioetara.