- Alderdi berdeak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hidrogenorako Europako berreraikuntza-funtsak xede horretarako erabil ditzala, epe ertainera begira hidrogeno berdea alternatiba bat izan daitekeelako elektrifikagarriak ez diren sektore jakin batzuetarako, hala nola siderurgia, nabigazioa edo abiazioa, eta ez hainbeste, Gobernuak aintzat hartzen duenez, automozioan masiboki erabiltzeko.
- Berdeak EQUO alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Euskadin estrategikoa den sektore hori akonpainatu eta babestu dezala, deskarbonizaziorako bidean lagunduz, altzairu-fabrikak funtsezkoak direlako euskal metalurgia-industria osoaren lehiakortasuna bermatzeko.
- Alderdi berdeak begi onez ikusten du, esaterako, ArcelorMittal enpresak Sestaon abian jarritako ekimena, 2025erako zero emisioko altzairu-fabrika bihurtzeko helburua duena hidrogeno berdea erabiliz. Europako berreraikuntza-funtsen laguntzaren haritik iritsi da konpromiso hori, baina horrelakorik ez dago Eusko Jaurlaritzak bere Euskadi Next Programan lehenetsitakoen artean.
Euskal siderurgiak, puntako sektore bat izanik Europako hirugarren produktorea izatera iritsi zena, munduko liderraren posizioa berreskura lezake altzairu-produkzioan, baldin eta, gehiago berandutu gabe, bere deskarbonizazio-prozesuari heltzen badio, eta horrela bide batez Euskadiko metalurgia-industria osoaren lehiakortasuna bultzatuko luke, pandemiaren eraginez mundu osoko ekonomian ziurgabetasuna nagusi den une honetan.
Berdeak EQUO alderdiaren ustez, zero emisioetaranzko prozesu horretan funtsezkoa da hidrogeno berdea erabiltzea, euskal instalazioak lehiakorragoak izan daitezen. Ildo horretan, Berdeak EQUO alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hidrogenorako Europako berreraikuntza-funtsen banaketa birplantea dezala, siderurgia-industriaren eraldaketarantz bideratzeko, eta ez haren erabilgarritasuna eta efizientzia oraindik frogatu gabe dagoen beste eremu batzuetara.
Alderdi berdeak uste du epe ertainera begira hidrogeno berdea alternatiba bat izan daitekeela elektrifikagarriak ez diren sektore jakin batzuetarako, hala nola siderurgia, nabigazioa edo abiazioa, eta ez hainbeste, Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzen duenez, automozioan masiboki eta etengabe erabiltzeko. Berdeak EQUO ohartarazten ari da hidrogeno berdean oinarritutako proiektuetan jarritako itxaropenak neurrigabeak direla, eta espekulazio-burbuilen iturri izan daitezkeela bere garaian bioerregaiekin gertatu zen bezala, baina nolanahi ere, siderurgia-industriaren eraldaketaren kasuan erregai-alternatiba hori guztiz egokia dela uste dugu.
Ildo horretatik, Berdeak EQUO alderdiak begi onez ikusten du, esaterako, ArcelorMittal enpresak abian jarritako ekimena, 2025erako zero emisioko altzairu-fabrika bihurtzeko helburua duena hidrogeno berdea erabiliz. Europako berreraikuntza-funtsen laguntzari esker lortu ahal izan da konpromiso hori, baina hala eta guztiz ere horrelakorik ez dago Eusko Jaurlaritzak bere Euskadi Next Programan lehenetsitakoen artean. “Dirudienez, Gobernuak arreta handiagoa jartzen du boteretik gertuko enpresa handiekin lotutako proiektu jakin batzuk defendatzean, euskal industria sendo baten oinarriak finkatzean baino”, adierazi du Joserra Becerra EQUO Berdeak alderdiko bozeramaileak, “eta horregatik Urkulluren Gobernuari eskatzen diogu euskal ekonomiarentzat garrantzizkoak diren gauzetan zentra daitezela, beren interes partikularrei begiratu beharrean”.
Azkenik, Berdeak alderdiak espero du hidrogeno berdearen sorburuan egongo diren elektrizitate berriztagarriko iturriek lurraldearen suntsiketa ez ekartzea, Euskadin eta Asturiasen proiektatzen ari diren makroparke eolikoetako batzuetan gertatzen ari den bezala. Hala ez bada, ArcelorMittal enpresak iragarritako jasangarritasunarekiko konpromisoa marketin berdeko taktika soil batean geratuko da.