- Alderdi berdeak uste du akats handia izan dela eraispenaren aldeko apustua egin izana etxebizitzen birgaitzearen alde egin beharrean, eta Urtarani eskatzen dio ez gaitezela duela hogei urte egindako hirigintza-akats beretan erori
- “Higiezinen espekulazioari soilik erantzuten dio etxebizitza berriak altxatzeko proposamenak. Etxeak programatutako zonetatik (Salburua, Zabalgana, Aretxabaleta) kanpo eraikitzea hiri jasangarri baten aurka joatea da”, alderdi berdetik adierazi dutenez
Olarizu hiribideko etxebizitzak eraitsi ondoren libratutako lurrak erabiltzea proposatzen du Berdeak EQUO alderdiak, lorategi botanikoa handitzeko. Proposamen horrek, alde batetik, Eraztun Berdea hegotik trinkotzeko eta josteko premiari erantzuten dio, eta, bestetik, etxebizitza berrien eraikuntza horretarako programatutako auzoetara (Salburua, Zabalgana eta Aretxabaleta-Gardelegi) bideratzeko premiari. Alderdi berdearentzat, “higiezinen espekulazioari baino ez dio erantzuten etxebizitza berriak altxatzeko proiektuak. Etxeak programatutako zonetatik kanpo eraikitzea hiri baten eta hirigintza jasangarri baten aurka joatea da”.
Hori horrela, libratutako lur horietan Olarizuko Lorategi Botanikoak gaur egun dauzkan bildumen barruan gune berri bat ezartzea planteatzen du Berdeak EQUO alderdiak, fruta-arbolen tokiko barietateak lantzera bideratuko litzatekeen gune bat: Arabako fruta-arbolen basoa. Hazien Bankuaren eta Euskadiko Hazien Sarearen lankidetzarekin, tokiko barietateetako fruta-arbola eta fruta-zuhaixken bilduma bat bilduko luke gune berri horrek, herritarrek ezagutu ditzaten, eta emango dituzten fruituez ere goza dezaten. Hektarea bat inguruko azalera hartuko luke guneak.
Alderdi berdeak uste du akats larria izan dela Urtaran alkatearen aldetik etxebizitzen eraispenaren aldeko apustua egin izana birgaitzearen alde egin beharrean. Orain, udal-agintari nagusiak 350 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko mahai gainean jarri duen proiektuak espekulazio-interes bati erantzuten dio soilik, eraispenak udal-altxortegiari eragin dion 20 milioi euroko gastuaren zati bat berreskuratzeko. Horregatik, Berdeak EQUO alderdiak uste du proposamen hori iraganera itzultzea bezala dela, duela 20 urteko akats berak eginez, hirian hormigoia eta adreilua nagusi zirenean. “Urtaranek Green Capital egitasmoarekin eta Eraztun Berdearekin benetan konprometitutako alkatea dela erakutsi dezake, zuhaitzen eta ez adreilu gehiagoren aldeko apustua eginez”, berdeek adierazi dutenez.