Berdeak EQUO alderdiaren ustez, RENFEk iragarri berri duen Bilbotik Santanderrera bitarteko maiztasunak berreskuratzeko asmoa oso motz geratzen da Bizkaiko eskaria behar bezala betetzeko

  • Pandemia iritsi baino lehen ere ordutegi-eskaintza eskasa zen, eta horregatik eskatzen dute, ez bakarrik bertan behera geratutako zerbitzuak berrezartzea, baita maiztasunak handitzea ere, gora eta gora ari den eskariaren arabera.

  • Alderdi berdeak galdera batzuk erregistratu ditu Kongresuan Garraio eta Mugikortasun Ministerioarentzat, RENFEk Bilbotik Santanderrera bitarteko herri guztietan bete beharko lituzkeen zerbitzu publikoko betebeharrak ez betetzearen arrazoiak zein diren jakiteko.

  • Alderdiak babestu egingo du, gaur goizean Santander-Bilbao Trenaren aldeko Plataformak deitu duen elkarretaratze-manifestazioa.

Berdeak EQUO Euskadiko alderdi berdearen ustez, RENFEk iragarri berri duen Bilbotik Santanderrera bitarteko maiztasunak berreskuratzeko asmoa oso motz geratzen da Bizkaiko eskaria behar bezala betetzeko.  Alderdi berdeak begi onez ikusten ditu Bilbo-Santander lineako distantzia ertaineko eguneko bi erlazio berriak, eta datorren uztailaren 11tik aurrera Karrantzaren eta Bizkaiko hiriburuaren artean astelehenik ostiralera bitarte eskainiko den zerbitzua, baina bere ustez hori ez da nahikoa, inondik inora, Bizkaiko eta Kantabriako barnealdeko eskualdeetako herritarrei bidaiariak garraiatzeko zerbitzu publiko egoki bat emango zaiela bermatzeko.

Pandemiaren aurretik ere, ordutegi-eskaintza eskasa zen. Horregatik, Berdeak EQUO alderdiak eskatzen du, ez bakarrik bertan behera geratutako zerbitzuak berrezartzea, baita maiztasunak handitzea ere, gora eta gora ari den eskariaren arabera.

Berdeak alderdiaren ustez, benetako arazoa aspalditik dator, eta urtetan eta urtetan ez zaio inolako jaramonik egin, nahiz eta kaltetutako erabiltzaileek eta udalek behin eta berriz erreklamazioak aurkeztu dituzten, eta gainera errebindikazioak ez dira maiztasunen eskasiara mugatzen, lineen elektrifikazioarekin, trazatuekin, eta geltoki eta konboien egoera eta kontserbazioarekin zerikusia duten aldarrikapenak ere egiten dituzte, baita oraindik abian diren tren-pasaguneak kendu beharraren haritik ere.

Alderdi berdearen ustez, abiadura handiko planak garatu dira trenbide konbentzionalak behar izan dituen eta oraindik ere premiazko dituen inbertsioen kaltetan. “Kontua ez da abiadura handiko trena eta trenbide konbentzionala aurrez aurre jartzea, baina egiari zor, abiadura handiko trenaren finantzaketa trenbide konbentzionalean egin beharko liratekeen inbertsioen kontura egin da. Azken urteetako trenbide-inbertsioaren % 15 soilik bideratu da aldirietako eta distantzia ertaineko lineetara, eta linea horiek dira trenaren eguneroko erabiltzaileen % 90ak erabiltzen dituztenak. Erabateko lehentasuna ematen ari zaio lurraldea antolatzeko eta mugikortasunerako eskubide unibertsala bermatzeko lagungarri izango ez den sistema bati, une honetan, planteatuta dagoen moduan, eliteentzako garraio bat delako. Bi ereduen arteko bizikidetza litzateke onena”, Joserra Becerra EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaileak berriz ere adierazi duenez. Becerrak erantsi duenez, “premiazkoa da” Espainiako Gobernuak eta gainerako autonomia-erkidego eta udaletako gobernuek trenbide konbentzionalaren aldeko konpromiso argia hartzea, garraiobide hori, berriz ere, beren mugikortasun-politiken erdigunean jar dezaten.

Horregatik, eta RENFEk Santander-Bilbao linearako neurri aringarri batzuk jakinarazi ondoren, alderdi berdeak, Inés Sabanés Más País Verdes Equo koalizioak Kongresuan duen parlamentu-taldeko diputatuaren bitartez, galdera batzuk erregistratu ditu Garraio eta Mugikortasun Ministerioarentzat, RENFEk Bilbotik Santanderrera bitarteko herri guztietan bete beharko lituzkeen zerbitzu publikoko betebeharrak ez betetzearen arrazoiak zein diren jakiteko. Galdetu dugu, halaber, Bilbao-Santander eta Bilbao-La Robla trenbide-lineetan gaurko egunerako edo 2020tik 2025era bitarteko aurrekontu-ekitaldietarako aurreikusitako inbertsioen eta ADIFek Karrantzatik (Bizkaia) Orejo-ra (Kantabria) bitarte trenbide-linearen elektrifikazioa osatzeko egun dauzkan aurreikuspenen gainean (egikaritze-epeak, inbertsioaren kostua, aurrekontu-sailak). Horrez gain, aldirietako trenbide-linea Bilbaotik Zallara bitarte zabaltzearen gaineko informazioa ere eskatu diegu, baita FEVE Bilbao-Balmaseda aldirietako zerbitzua Villasana de Mena-raino (Burgos) eta Espinosa de los Monteros-eraino (Burgos) zabaltzeko aurreikuspenen gaineko informazioa ere.

Alderdi berdeak babestu egingo du, gaur goizean Santander-Bilbao Trenaren aldeko Plataformak deitu duen elkarretaratze-manifestazioa.