Udalaren osoko bilkuran eskatuko dugu Gasteizko ikastetxeetan ilara bikoitzak kentzeko planari berriz ere heltzea

  • Joan den martxoan Urtaran kabineteak erabaki zuen plan horren elaborazioa, udal-talde guztien parte-hartzea zuena, lurperatzea.
  • Gure proposamena da 2021 amaitu arte plan hori amaitzea, mugikortasun iraunkorra gidatzen duten printzipioetan oinarrituta: eskola-bide seguruak erraztuz, garraio publikoaren erabilera indartuz eta eskola-ingurune seguruak bermatuz.

Oscar Fernández Elkarrekin koalizioko bozeramaileak mozio bat defendatuko du udalaren hurrengo osoko bilkuran, hiriko ikastetxeetan ilara bikoitzak kenduko dituen planari berriz ere heltzeko. “Gasteizko ikastetxeetan baimendutako bigarren ilarak arazo larrienetako bat dira udalerriko mugikortasun iraunkorrari dagokionez. Gai hau ez da berria, baina azken hamarkadetan gorakada bat nabari da, udal-gobernu guztien etengabeko permisibitatearen ondorioz”, nabarmendu du Fernándezek.

Bozeramaileak azaldu duenez, joan den legegintzaldian Herritarren Segurtasuneko Sailak lantalde bat jarri zuen martxan udal-talde guztiekin, problematika horri dagokionez jardun-plan bat egiteko. “Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, lehen dokumentu-zirriborro baten berri eman zen, non puntu kritikoenetan ilara bikoitzak kentzeko zenbait jardun proposatzen ziren. Udal-taldeetatik hainbat proposamen egin genituen zirriborro horri eransteko, baina, harrigarria bada ere, harrezkero ez dugu berri gehiagorik jaso horren inguruan. Antza denez, Sailak gaia tiradera batean gordetzea erabaki zuen”.

“Legegintzaldi honetan inork ere ez du ezer esan horren inguruan, eta horregatik ondorioztatzen dugu jardun horiek geldituta jarraitzen dutela udal-gobernuaren borondate politikorik ezaren ondorioz”, adierazi du Fernándezek. Alabaina, 2021ean beste jardun multzo bat aurkeztu da, hiru ikastetxetako problematikari loturik: Veracruz, Corazonistas eta Nclick. Aparkaleku-plazen kopurua handitzea eta errotazio-aparkaleku berriak sortzea izango lirateke neurri horiek. Iradier Arenako aparkaleku publikoaren tarifetan hobariak ezartzea ere proposatu da, eremuko ikastetxeetako familia erabiltzaileentzat. Azken buruan, zenbait neurri bildu dira, guztiak ere ibilgailu publikoaren mugikortasuna indartzeko helburuarekin.

“Azpimarratu beharrean gaude horrelako proposamenak mugikortasun iraunkorra gidatzeko printzipioen aurka doazela erabat; Gasteizko agente politiko eta sozialek printzipio horiek sinatu zituzten orain hamar urte baino gehiago, eta Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana inplementatzeko oinarri gisa erabili dira. Ibilgailu pribatua indartzen jarraitu beharrean, Gasteizek mugikortasun iraunkor bat sustatzen jarraitu behar du, trafikoa baretzearen, eskola-bide seguruen, garraio publikoaren eta motor bidezko mugikortasun pribatuarekiko murrizketen aldeko apustu sendo eta irmo bat eginez. Beste hiri batzuek bide hori hartu dute dagoeneko, Bartzelonak adibidez”, adierazi du Fernándezek.