- Pandemiak agerian utzi du pinakotekak ustez ekarriko lukeen turismo masiboaren aldakortasuna eta hauskortasuna
- “Fenomeno horrek eragin kaltegarria izango luke naturagune babestuarentzat eta Urdaibaiko ekonomia tradizionalarentzat, eta eremu horiek babestu beharko lirateke, eremuak Biosferaren Erreserbaren izendapena jaso duela aintzat hartuta”, adierazi du Joserra Becerrak
Guggenheim Museoaren bi egoitza berriak Urdaibaiko ingurunean kokatzeak sorrarazi dituen neurrigabeko espektatiben aurrean, Euskadiko Alderdi Berdeak plan hori bultzatzen duten erakundeei ohartarazten die oker dabiltzala eskualdeko suspertze ekonomikoa masa-turismoaren fenomeno izugarri aldakorraren mendean jartzean.
Pinakoteka Gernikako eta Muruetako lurretara zabaltzeak ustez erakarriko lukeen turismo masiboaren hauskortasuna agerian geratu da pandemian zehar. Turismoaren sektorea kaltetuenetako bat izan da, eta areago, masa-turismoa inoiz ez bezalako krisi baten erdian dagoela esan dezakegu. Izan ere, jarduera hori eraldaketa-prozesu batean murgilduta dago, beste bidaia modu jasangarriago batzuetarantz bilakatu nahian bidaiari-masa handirik mugitu beharrik ez izateko.
Horregatik, Berdeak EQUO alderdiak ez du proiektua begi onez ikusten, eta arrazoizko zalantzak dauzkagu, proiektuak eskualdeko jarduera ekonomikoa bultzatzeko “aparteko aukera” bat suposatzen duela diotenen aurrean.
Gainera, Berdeak EQUO alderdiak uste du Biosferaren Erreserbaren etiketa erabiltzea planteamendua ‘eragiketa jasangarri eta berde baten barruan’ kokatzeko, izendapenaren balioen eta espirituaren aurka doala. “Fenomeno horrek eragin kaltegarria izango luke naturagune babestuarentzat eta Urdaibaiko ekonomia tradizionalarentzat, eta eremu horiek babestu beharko lirateke, eremuak Biosferaren Erreserbaren izendapena jaso duela aintzat hartuta”, adierazi du Joserra Becerrak. Urdaibain jarduera tradizionalak baztertu dira, hala nola arrantza, abeltzaintza eta nekazaritza, eta jarduera horiek garatzeko behar duten ekosistema naturala ez da behar bezala zaindu; horrenbestez, orain espazio horretan mundu-mailako erakargarri turistiko bat eskaintzeak babes hori behin betiko bertan behera uztea ekarriko luke berekin” adierazi du Joserra Becerrak, alderdi berdearen kobozeramaileak.
Bestetik, Euskadiko Alderdi Berdearen ustez, pinakotekak Bilbon arrakasta lortu izanak ez du bermatzen Bizkaiko beste kokaleku batean edo munduko beste edozein tokitan antzeko funtzionamendu bat izatea. Ildo horretan, porrot egindako proiektuak ekarri ditu gogora: Berlin 1997-2013 (itxita), Guadalajara-Mexiko 2007-2009 (itxita), Las Vegas 2001-2008 (itxita) edo Abu-Dhabi; azken horren obrak 2001ean hasi ziren baina gelditu egin ziren, eta, berriz ere hasi badira ere, noiz irekiko den ez dakigu oraindik.
Horrez gain, Berdeak EQUO alderdiak uste du horrelako erabaki bat ezin daitekeela alde bakarretik hartu. “Hainbesteko inpaktua duten plan batzuen aurrean eskatu beharra dago, gutxienez, erabakia Gernikan, Bilbon edo Gasteizen ez hartzea, eskualde osoko herritarren artean hartzea baizik, alde onak eta txarrak balioetsi ondoren”.