- Alderdi berdearen ustez, “Ingurumenaren egoera Euskadin, 2020” txostenaren adierazleek aditzera ematen dutenez, euskal gizartea gero eta erantzukizun- eta konpromiso-maila handiagoa erakusten ari da Euskadik behar duen aldaketaren aurrean, eta horrek “itxaropenerako” atea irekitzen du.
- “Euskal herritarrak prest daude gutxiagorekin hobeto bizitzea ahalbidetuko duen gizarte baterantz bide zuzena hartzeko, kolapsorantz aurrera jarraitu beharrean, eta ez da bidezkoa Eusko Jaurlaritzak euskal herritarren atzetik jarraitzea” adierazi du Joserra Becerra kobozeramaileak.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen “Ingurumenaren egoera Euskadin, 2020” txostenaren adierazleen arabera, euskal herritarren % 89k uste dute kontsumo-maila murriztea ingurumenaren narriadura saihesteko lagungarri izango litzatekeela. Datu horiek agerian uzten dute, beste behin ere, euskal gizarteak Gobernuari aurrea hartu diola. Herritarrak gero eta erantzukizun- eta konpromiso-handiago bat erakusten ari dira Euskadik behar duen aldaketaren aurrean. Urkulluren Gobernuak, aldiz, estrategia kontinuista eta konformista batean ainguratuta segitzen du.
Horregatik, Euskadiko Alderdi Berdeak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, behin betiko, ausardiaz eta erantzukizunez joka dezala, Euskadik behar dituen aldaketei heltzeko kontzientziatua eta prestatua dagoen euskal gizartearen eskariei eraginkortasunez erantzuteko. ““Euskal herritarrak prest daude gutxiagorekin hobeto bizitzea ahalbidetuko duen gizarte baterantz bide zuzena hartzeko, kolapsorantz aurrera jarraitu beharrean, eta ez da bidezkoa Eusko Jaurlaritzak euskal herritarren atzetik jarraitzea” adierazi du Joserra Becerra kobozeramaileak.
Berdeak EQUO alderdiaren ustez, euskal gizarteak eta ekonomiak klimaren erronka gaindituko dute, soil-soilik, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren politiketan aurrekaririk gabeko aldaketa azkarrak eta sakonak gertatzen badira energia eta mugikortasunaren, nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantzaren alorretan, baita hondakinak kudeatzeko politikan ere. Adierazle solte batzuen emaitza puntualetatik haratago, joera hori, negatiboa da, argi eta garbi, erakundeek biodibertsitatearen, hondakinen edo klima-aldaketaren alorretan aurrera daramatzaten norabiderik gabeko politika okerren ondorioz.
Txosten horren arabera, euskal erakundeek, kontsumo eta produkzio garbiko ereduak garatu beharrean, ingurumena babesteko inbertitutako 180 M euroetatik % 80 baino gehiago erabili dute ur-araztegiak edo hondakinen erraustegiak eraikitzeko, “azken etapako” soluzioak ordainduz. Politika horien ondorioz, txostenak dioenez, gure ibai eta lakuen erdiaren kontserbazio-egoera “ona baino okerragoa” da oraindik ere, eta, jakina, gure birziklatze-tasak 2008an geneuzkanak baino apalagoak dira” leporatu dio Gobernuari Becerrak.
Kutsadura atmosferikoaren alorrean, PM2,5 partikulen kontzentrazioek —diesel motorrek eragiten dituzte, eta arriskutsuenak dira osasunarentzat— ez dute hobera egin 30 urtean, eta 1990eko maila berean jarraitzen dute beraz; hala ere, Eusko Jaurlaritzak diesel-ibilgailuak erosteko dirulaguntzak ematen jarraitzen du.
Ildo beretik, mugikortasuna murrizteko politikarik ezak berekin ekarri du garraio-sektoreak une honetan klima-aldaketari egiten dion ekarpena % 13 handiagoa izatea orain dela hogeita sei urte baino, 1995ean baino alegia. “Eta joera bera nabari da lehen sektorean. Gure nekazaritza-ereduaren erruz, 1998an geneuzkan hegaztien erdia desagertu dira, eta gure baso preziatuenetako bat ere ez dago kontserbazio-egoera onean une honetan, gure basogintza-ereduaren eraginez neurri handi batean. Eusko Jaurlaritzak arduragabe jokatzen du euskal gizartearen aurrean, ingurumenaren egoerari buruzko azterlanaren amaieran zera ondorioztatzen baitu, joera positiboan goazela aurrera. Berriz ere, errealitatearekin zerikusirik ez duen Euskadiko irudi bat saldu nahian”, amaitu du Becerrak.