- Udal-taldeak eskatzen du parte-hartze tekniko-politikoko prozesu bat abian jartzea, herritarrentzat irekia, eta berdeguneak sortzeko ordenantza berrikustea, irizpide berriak txertatzeko.
- Oscar Fernándezek: “Bada garaia Gasteizek hiri berdearen kudeaketari Green Capital espiritua gainera diezaion, Eraztun Berdean hainbeste arrakastaren iturri izan dena”.
Elkarrekin Vitoria-Gasteiz (Equo Berdeak, Podemos-IU) udal-taldeak hiriko berdea kudeatzeari buruzko mozio bat erregistratu du, eta udalaren hurrengo osoko bilkuran aurkeztu eta defendatuko du. Elkarrekin udal-taldeak lortu nahi du udalak parte-hartze tekniko-politikoko prozesu bat deitzea, herritarrentzat irekia, hiriko berdearen kudeaketa jasangarri bat definitzeko. Horrez gain, udal-taldeak eskatzen du berdeguneak sortzeko ordenantza berrikusteko irizpide berriak txertatzearren, esaterako, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak erabiltzea, ebakitzeko intentsitateak aldatzea, lore-belardiak sustatzea, biodibertsitatea sustatzen duten guneak sortzea, edo berdeguneetan txorientzako habia-kutxak jartzea.
Udalak 3 milioi eurotik gora jartzen du urtean, hiriko berdea kontserbatzeko. Neurri batean, inbertsio hori hiriko berde-eredu jakin baten emaitza da. Horren arabera, hiriko berdea erakusleiho baten antzera planteatzen da, eta ez prozesu ekologiko naturalak sustatzeko gune bat den heinean. Horren erakusgarri dugu Gasteizko hiriko berdegune askok lorategi ingelesaren ereduari jarraitzen diotela.
Berdeguneak kontserbatzeko lanen azken kontratuan (2017-2020) hobekuntza batzuk txertatu ziren, ingurumena errespetatzen duten jardunbideak aplikatzeko. Alabaina, oraindik ere asko dago egiteko hiriko berdea jasangarritasun berdeari jarraikiz kudeatzeko bidean. Gasteizko Biodibertsitatea Kontserbatzeko Estrategian honela dago jasota: “hiriko parkeen sare handi horretan erregistratutako dibertsitate biologikoa oso pobrea da (…)”.
Nolanahi ere, egiten diren jardun zehatzetatik haratago, aurrera egin beharra dago arauen eta kudeaketaren alorretan, hiriko berde jasangarri eta biodibertso bat lortzeko, aisiari eta gozamenari dagokienez gune horiek herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak alde batera utzi gabe. Eremu horretan, informazioa eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoak dira, iraganeko esperientzia txarrak berriz gertatzea saihesteko.
Frantzian abian jarritako zenbait esperientzia interesgarri izan daitezke guretzat eremu horretan, honako proiektu hauek adibidez: Ma rue en fleurs (Nire loreak kalean) —egoiliarren artean 4.000 hazi banatu ziren, hiriko berdeguneetan landatzeko—, Les jardins à quai (Lorategi flotatzaileak) —flora eta fauna autoktonoa aztertzeko proiektua— edo Les belles de bitume (Asfalto ederra) —oker deitutako belar gaiztoen zeregina baloratzekoa—-. Eta ez dugu hain urrutira joan behar, proiektuak aurkitzeko. Arkaiate auzoan, adibidez, herritarren ekimen bat sortu zen txorkoak kontserbatu eta mantentzeko helburuarekin, eta Zaramagan, berriz, hiri-lorategi baten kudeaketa komunitarioa proposatu zen. Bartzelonako hirian ere garatzen ari den gerrilla gardens eredu ingelesa oso interesgarria da. “Bada garaia Gasteizek hiri berdearen kudeaketari Green Capital espiritua gainera diezaion, Eraztun Berdean hainbeste arrakastaren iturri izan dena”. Gure parke eta lorategiak biodibertsitateko gune gisa ulertu behar ditugu, ez erakusleiho gisa. Horretarako, prozesu bat ireki behar da, irizpide berriak definituz eta, ondoren, udal-arauetan zein kudeaketan eta planifikazioan txertatuz”, nabarmendu du Fernándezek.