Berdeak EQUO alderdiak ekimen bat eraman du Berangoko Osoko Bilkurara, udalerrian zuhaitz autoktonoen edozein mozketa murrizteko

  • Alderdi berdearen ustez, Berangon eta inguruetan hirigintzaren alorrean egindako esku-hartze guztietan, azpiegiturei eta adreiluari lehentasuna ematen zaie beti, zuhaitzen eta ingurumenaren babesaren gainetik
  • Ohartarazten dutenez, jardunbide horri amaiera ematen ez bazaio, eremuko natura- eta paisaia-balio handia alferrik xahutuko da azkenean, berotze globalaren ondorioak arintzeko funtsezkoa den arren
  • Legegintzaldi honetan EQUO Berdeak alderdia ordezkatzen duen Elkarrekin koalizioko zinegotzi Koldo Martínezek defendatuko du ekimena

Berangoko Udalak babestutako azken jardunaren arabera, ia ehun urte bete dituzten astigar eta haritzen gehiegizko mozketa gauzatuko da Aranaberri eremuan, etxebizitzak eraikitzeko lekua egiteko, eta, ekimen horren aurrean, Euskadiko alderdi berdearen Uribe Kosta eskualdeko taldeak mozio bat aurkeztuko du Udaletxean eztabaida dadin, non Osoko Bilkurari eskatzen zaion udalerriko lurretan kokatutako edozein zuhaitz espezie autoktonoren mozketaren aurkako jarrera har dezala.

Legegintzaldi honetan EQUO Berdeak ordezkatzen duen Elkarrekin koalizioko zinegotzi Koldo Martínezek defendatuko du ekimena, joan den urtarrilean Mungiako Udalean Butroi Bizirik kolektiboaren ekimenez onartu zen beste ekimen baten ildo beretik.

Argazkia: Berango Lurraren Defentsan

Berdeak EQUO alderdian uste dugu Berangon eta inguruetan hirigintzaren alorrean egindako esku-hartze guztietan, azpiegiturei eta adreiluari lehentasuna ematen zaiela beti, zuhaitzen eta ingurumenaren babesaren gainetik, eta horrela eremuko natura- eta paisaia-balio handia alferrik xahutuko dela azkenean, berotze globalaren ondorioak arintzeko funtsezkoa den arren. “Klima-larrialdiko egoera batean murgilduta gaudenez, ahalik eta zuhaitz-masarik handienaren kontserbazioa bermatu behar dugu, areago kontuan hartzen badugu zuhaitz heldu eta autoktonoek Berangoko eta Uribe-Kosta osoko ondare natural eta kulturalean duten garrantzia”, azpimarratu du Joserra Becerra Berdeak alderdiko kobozeramaileak.

Mozioan Gobernu Taldeari eskatzen zaio hirigintzako plan eta proiektu guztiak diseinatu eta egikaritzeko lehendik dauden zuhaitz-masa autoktonoak errespetatzea exijitu dezala, eta horretarako planteatzen du, aldez aurretik, udalerriko hiri-zoru urbanizagarrian dauden zuhaitz-masa autoktonoen inbentario bat egitea.

Talde berdeak proposatzen du, halaber, Berangoko Udalak eskatzaileen eskura jartzea, doan eta modu errazean, zuhaitz autoktonoak landatzeko egokienak diren udal-titulartasuneko lurrak, udalerriko landa-eremuan zein hiri-ingurunean, eta, hiri-zuhaitzak kudeatzeko protokoloetan, zuhaitz autoktonoak lehentasunez kontserbatzeko irizpideak txertatzea.