- Alderdi berdeak, Irungo Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztiei proposatzen die herritarren parte-hartzerako prozesu bat irekitzea trena lurperatu ondoren aske geratu diren lursailen gainean, herri-galdeketa bat egiteko aukera ere baztertu gabe, Durangon egin zenaren antzera
- Alderdi berdeak babestu egiten ditu zenbait auzo elkarteren eta talde kontserbazionistaren eskaerak, eta udalaren Osoko Bilkurari eskatzen dio lursailak birkalifikatzeko eta 200 etxebizitzako bost bloke altxatzeko proposamena bertan behera utz dezala, faunarentzat estrategikoa den eta kontserbazio berezikoa den eremu batez ari garela kontuan hartuta.
- “Eremuaren erabilera bateragarri egin daiteke haren kontserbazio eta babes ezin hobearekin, faunarekiko eta florarekiko inpaktuak minimizatzen ahalegintzearekin batera, Irungo herritar guztiei, natura- eta paisaia-balio handia duen gune batez gozatzeko aukera bermatuz”
Irungo Udalaren osoko bilkurak datozen egunetan eztabaidatuko du Pasquier enpresa zaharraren lursailen birkalifikaziorako eta urbanizaziorako hitzarmenaren gainean, eraikuntza-enpresa batek eremu horretan 200 etxebizitzako bost bloke eta beste hainbat aparkaleku-plaza egiteko helburuarekin, eta horren aurrean, Berdeak EQUO alderdiko Irun-Bidasoa eskualdeko taldeak udal-taldeei eskatzen die hitzarmen hori bertan behera bota dezatela eta proiektua behin-behinean gelditzea onar dezatela, eragiketa horren gainean eztabaida eta gogoeta-prozesu publiko eta herritarrentzat ireki bati bide emateko.
Alderdi berdeak ez du onartzen Gobernu-taldeak esku-hartze hori Bidasoako estuarioaren “birnaturalizazio” bat balitz bezala aurkeztea, eta “erabateko hipokresiaz dabiltzala” salatzen du, Irungo herritarrak alferrik engainatu nahian. Ez dugu onartzen, halaber, proiektu horren xedea Irungo eta eskualdeko etxebizitza-premiak arintzeko baliagarria dela esatea, oraintxe bertan 2.000 etxebizitzatik gora eraikitzen ari direlako Lastaola Postetxean, Mendipen, Ernautenea-Berrin, Alarden, San Migel Anakan, Iparralde Errekondon, Alein eta Txenperenean.
Berdeak EQUO alderdiaren ustez, irundarrek ondo dakite Azken Portuko enklabeak zenbaterainoko balio naturala duen, Natura 2000 Sarearen barruan kontserbazio bereziko eremu gisa aitortu baita, hegazti migratzaileen igarobidea eta beste hainbat espezieren bizilekua den heinean, eta ondo asko dakite, halaber, horrelako esku-hartze batek arrisku larrian jarriko lukeela ondare natural horren jarraipena eta eskualdeko herritar guztiek hartaz errespetuarekin gozatzeko aukera izatea.
Horregatik, Udalari eskatzen diogu horren gaineko erabaki guztiak geldi ditzala, eta udal-taldeei eskatzen diegu Udalak sustatutako hitzarmena bertan behera utz dezatela, Irungo herritarrei eremu horretarako egokitzat jotzen dituzten erabileren gainean erabakitzeko aukera emateko. “Ezin dio ez ikusiarena egin proiektuak eragindako gaitzespenaren aurrean, ez bakarrik gure babes osoa duten hainbat eragile zibilen artean —Artiako Lagunak, Ekologistak Martxan, Eguzki edo Bidasoaldeko Lagunak—, baita oinezko hainbat herritarren artean ere, eremu hori balioesten eta bertan gozatzeaz gain, eremua eta haren bioaniztasuna zaintzen eta kontserbatzen laguntzeko lanetan urteak daramatzatenak. Ez daude prest irundarrek partekatutako balioekin inolako zerikusirik ez duen interes espekulatzaile soil baten eskutan galtzeko”, azpimarratu du Joserra Becerrak, alderdi berdeko kobozeramaileak.
Berdeak EQUO alderdiko kideok babestu egiten dugu Ekologistak Martxan alderdiak aurkeztuko duen mozioa, non Eusko Jaurlaritzak lurrak erosteko aukera planteatzen den, baina Irungo Udalari eskatzen diogu, halaber, herritarren parte-hartzerako ekimen bat martxan jar dezala, Durangon alderdi guztien babesarekin egin zenaren antzekoa, trena lurperatu ondoren, aske geratu diren lursailetan zer egin erabakitzeko. Alderdi berdeak espero du proposamen honek harrera bera izatea Gipuzkoako herri honetako udal-talde guztien artean.
Ildo horretan, Berdeak EQUO alderdiko kideok konbentzituta gaude eremuaren erabilera bateragarri egin daitekeela haren kontserbazio eta babes ezin hobearekin, tokiko fauna eta florarekiko inpaktuak minimizatzen ahalegintzeko, eta Udalaren ardura dela hori errealitate egiteko konponbide egokia aurkitzea, adituei eta gizarte zibilari entzun ondoren.