- Alderdi berdeak berrogeita hamar alegazio erregistratu ditu Arabako parke eolikoen proiektuen aurka, ez duelako beharrezko ikusten eremu natural babestuak okupatzea, beste gune alternatibo batzuk eskuragarri daudela kontuan hartuta.
- Klima Aldaketari buruzko Lege berriaren arabera, nahitaezkoa da Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, autonomia-erkidegoekin koordinatuta, zonakatze-tresna bat jendaurrean jartzea, berriztagarriak inpaktu txikieneko kokalekuetan zabal daitezen.
- Aldi berean, joan den martxoan Eusko Jaurlaritza Energia Berriztagarrien LPS izapidetzen hasi zen, tresna hori ezinbestekoa izanik instalazio horiek hartzeko eremurik egokienak zein diren definitu ahal izateko, landa- eta paisaia-ondareari eta ondare natural, historiko eta kulturalari ahalik eta inpakturik txikiena eragiteko moduan.
Berdeak EQUO alderdi berdearen ustez, Eusko Jaurlaritza arinegi ari da Euskadiko parke eolikoen proiektuak izapidetzen hasi nahian, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak zonakatze-mapa eguneratu eta jendaurrean jar dezala itxaron gabe Klima Aldaketari buruzko Legeak agintzen duenari jarraikiz, tresna horretan zehaztuko baita zein izango diren parke eolikoak kokatzeko inpaktu txikiena duten kokalekuak.
Joan den martxoan, EEEk eta Iberdrolak partaidetutako Aixeindar sozietateak parke eolikoen eskaerak aurkeztu zituen administrazio-instantzia guztien aurrean, Araban lau pare eoliko handi martxan jartzeko: Azazeta (Arraia-Maeztu eta Bernedo), 40 MW-ko potentziarekin; Iturrietako mendiak (Arraia-Maeztu), 75 MW-rekin; Labraza (Oion), 40 Mw-rekin; eta Arkamo (Erriberagoitia), 95 MW-rekin; energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala ere eskura eduki gabe, Berdeak alderdiak aurreko komunikatu batean salatu zuen bezala. LPS hori da jatorri berriztagarriko energia aprobetxatzeko kokalekurik egokienak identifikatu, hautatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen antolamenduan integratu behar dituena, hori guztia landa- eta paisaia-ondareari eta ondare natural, kultural, historiko eta paisajistikoari ahalik eta inpakturik txikiena eragiteko moduan.
Horregatik, Berdeak EQUO alderdiak Urkulluren Gobernuari eskatzen dio Euskadin, eta zehazkiago Araban izapidetzen ari diren parke-proiektuak birplantea ditzala, horietako gutxienez bi —Iturrieta eta Arkamo— esklusioguneetan daudelako gaur egun Teresa Riberaren Ministerioak darabiltzan mapetan, eta mapa horiek Klima Aldaketari buruzko Lege berriak eskatutako zonakatze-tresnaren aurrekoak dira, tresna hori autonomia-erkidegoekin koordinatuta landu beharko delarik.
Beste hainbaten artean arrazoi horiengatik, alderdi berdeak berrogeita hamar alegazio erregistratu ditu Arabako parke eolikoen proiektuen aurka, ez duelako beharrezko ikusten eremu natural babestuak okupatzea, beste gune alternatibo batzuk eskuragarri daudela aintzat hartuta.
Berdeak EQUO alderdiak berriz ere azpimarratu nahi du energia berriztagarriak ezartzearen alde dagoela garapen deszentralizatu baten bitartez, haizetik, eguzkitik eta uretatik sortutako aberastasuna ez dadila beti “gutxi batzuen esku” geratu, eta tokiko herritarren eta lurraldeko enpresen mesedetan ere joan dadin.