EAJri eskatzen diogu Subillan gasa erauzteko ekimena bertan behera utz dezala, jeltzaleen botoekin onartu berri den Klima Legeak etorkizunean hobia ustiatzeko aukera debekatzen duela aintzat hartuta

  • Euskadiko alderdi berdeak EAJri eskatzen dio koherentziaz joka dezala, eta, hidrokarburoen ustiapena debekatzen duen lege berriari eman dion babesarekin bat etorriz, Arabako zulaketari uko egin diezaiola.
  • Hala ez bada, EQUO Berdeak alderdiak alderdi jeltzaleari eskatzen dio Arabako herritarrei azal diezaiela zer dela-eta jarraitu nahi duen Araban gasa miatzen, gasa egongo balitz ustiatzerik ez duela izango jakinik, eta, arrazoi horien artean, zulaketarik egin ezean Cambria eta Petrichor multinazionalei egin beharreko milioi askoko kalte-ordainak ba ote dauden

Euskadiko alderdi berdeak, Diputatuen Kongresuak onartutako Klima Aldaketari buruzko Legeak aukera bat irekitzen duenez araua indarrean hasi baino lehen indarrean zeuden miaketa-lizentziek aurrera jarrai dezaten, Arabako Armentia-2 putzuko zulaketaren mesedetan, EAJri eskatzen dio Arabako putzua miatzeko ekimena bertan behera utz dezala.  Berdeak EQUO alderdiaren ustez, “hori litzateke bidezkoena”; izan ere, miaketaren emaitzak positiboak izango balira ere, etorkizuneko ustiapen hipotetiko guztiak bertan behera geratuko lirateke, behin Legea indarrean hasi ondoren.

Orain arte EAJk Armentia 2 putzuaren alde egin du, probintzian gasa ba ote dagoen jakiteko eta gas hori trantsizio-energia gisa erabiltzeko eskubidearen aitzakiapean, besteak beste, baina Berdeak EQUO alderdiak uste du arrazoi horiek guztiek ez dutela zentzurik jada, nazionalistek onartu berri duten Legeak espresuki debekatzen duelako hobi berrietan hidrokarburoak ustiatzea. “Atzo, Kongresuan, klima-arauari babes argia eman ostean, EAJk zulaketari uko egin behar dio nahitaez, kontrakoa ez litzatekeelako bidezkoa izango. Klima-aldaketaren aurkako borrokaren ikuspegitik, zergatik babestu hobi berrien debekua, eta, aldi berean, lehendik daudenekin aurrera jarraitu nahi izatea? Zentzugabekeria da”, azpimarratu du Joserra Becerra alderdiko kobozeramaileak.

Hala ez bada, alderdi berdeak jakin nahi luke zein ote diren jeltzaleak onartzen lagundu duten legearekin bat ez datorren jarrera bati eustera eta zulaketarako 20 milioi euroko diru publikoaren gastu antzua babestera daramaten arrazoiak. “EAJk Arabako gizarteari argitu behar dio zer dela-eta jarraitu nahi duten putzua zulatzeko lanetan, ustiatzerik izango ez duten gas baten bila. Alferrikako lana izango da, gasa aurkituko balitz ere, ezin izango litzatekeelako merkaturatu, Lege berriak debekatzen duelako. Hortaz, zergatik tematzen dira horretan? Diru publikoa xahutzeko asmoari eutsi nahiaren arrazoiak zein ote diren jakiteko eskubidea dugu, kontuan hartuta, gainera, diru hori oraingo eta etorkizuneko energia berriztagarrien aldeko apustu sendo eta ausart baterako erabil litekeela. Ba ote liteke Gobernua kontratu-klausula jakin batzuk ezkutatu nahian ibiltzea, zulaketarik egin ezean Cambria eta Petrichor multinazionalentzat milioi askoko kalte-ordainak ekar litzaketenak? Argitu egin beharko dute” adierazi du Becerrak.