- Elkarrekin Udal-taldeak osoko zuzenketa bat eta 68 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Gasteizko mugikortasun-ordenantza berriari.
- Elkarrekin udal-taldeak proposatzen du hirigune osoan orduko 30 km-ko muga jartzea, eta, bizikletei espaloietatik ibiltzea debekatu baino lehen, Bizikleta Mugikortasunaren Gida Plana betetzea eta alternatiba koherenteak bermatzea
Elkarrekin Vitoria-Gasteiz (Berdeak EQUO, Ahal Dugu-EB) udal taldeak gaur aurkeztu ditu mugikortasun-ordenantza berriaren proposamenaren harira erregistratutako zuzenketak, osoko zuzenketa bat eta 68 zuzenketa partzial barne. Elkarrekin udal-taldearen ustez, proiektuaren helburua ez da Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Itunaren printzipioetan aurrera egitea, mugikortasun-politiketan atzerapauso bat dakarren neurrian. “Udal Taldeak proposatzen duen ordenantza berriak Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Ituna urratzen du, orain hamar urte baino lehenago Udalaren Osoko Bilkurak onartu zuena hainbat gizarte-eragilek sinatu ondoren”, adierazi du Oscar Fernández bozeramaileak.
Mugikortasun Iraunkorrari eta Eremu Publikoei buruzko Planak ez bezala, ordenantza-proiektuak ez dio mugikortasun iraunkorrari lehentasuna ematen. Dudarik gabe, bizikleta da galtzaile nagusia ordenantza-proiektu horretan; aldiz, motor-ibilgailuen aldeko permisibitateak ez du etenik, nahiz eta hainbat eta hainbat arazo ekarri hiriko elkarbizitzarentzat. Bizikleten mugikortasunerako aldaketa garrantzitsu bat dakar proiektuak, bizikletak espaloi eta oinezkoen eremuetatik ateratzen dituelako. “Erabaki hori hartzea zentzugabea eta arriskugarria da, ondo dakigulako Bizikleta Mugikortasunaren Gida Planaren ez-betetze larria gertatzen ari dela. Ondo iruditzen zaigu bizikleta eta patinete elektrikoak espaloietatik ateratzea, baina ezin dezakegu babestu bizikleta erabiltzeko pizgarria kentzen duen edo eraginkorra ez den ordenantza bat. Lehenik inbertsioak egin behar dira, eta gero aldaketa horiek ahalbidetzeko arauak, eta ez alderantziz”, erantsi du Oscar Fernándezek.
Elkarrekin udal-taldearentzat ulergaitza da, halaber, Udal Gobernua mugikortasun iraunkorreko modu desberdinen arteko lehiaren inguruan sustatzen ari den eztabaida, eta ez dator bat eztabaida faltsu horrekin. “Beharrezkoa da oinezko, bizikletazko eta garraio publiko bidezko joan-etorriak elkarren osagarri egitea, bakoitza bere ezaugarriekin. Automobil pribatua erabiltzeko asmoa kentzea da helburua, Hiritar Itunarekin bat etorriz. Alabaina, ordenantza-proiektuak lehia bat dirudi gehiago, oinez dabiltzanen, bizikletan edo MPIan doazenen eta garraio publikoa erabiltzen dutenen arteko lehia, hain zuzen. Proiektutik honako filosofia hau ondorioztatzen da: azkenean, automobila da garaile ateratzen dena”.
Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (MPI) agerpenak eta 970/2020 Errege Dekretua indarrean hasteak beharrezko egiten dute egungo ordenantza egokitzea. Hala eta guztiz ere, Udal Gobernantzak nahiago izan du ordenantza berri bat sortu, aurrekoa nabarmen aldatzeaz gainera orain hamar urte konfiantza eta adostasunerako egindako lana urratzen duena. Elkarrekin udal-taldearentzat ordenantza-proiektu hori aurkeztea akats handia da, Mugikortasun Iraunkorrari eta Eremu Publikoei buruzko Planaren berrikuspena amaitu ez delako eta udal-taldeen eta Mugikortasuneko Elkargunearen arteko aldez aurreko eztabaida- eta adostasun-lana ere egiteke dagoelako. Indarreko ordenantza egiteko orain hamar urte abiatu zenaren kontrako bidea da, eta porrota baino ezin dezake lortu onartzeko eta abian jartzeko garaian.
Horregatik guztiagatik, Elkarrekin udal-taldeak Gobernuari eskatzen dio, bizikletei espaloi eta oinezkoen eremuetan barrena ibiltzea galarazi baino lehen, trafikoa baretzeko neurriak ziurta ditzala, Bizikleta Mugikortasunaren Gida Plana bete dezala, eta bizikleta eta MPIetarako alternatiba koherenteak presta ditzala. Gainera, puntu horrekin bat etorriz, eta elkarbizitza, hiritarren segurtasuna eta airearen kalitatea bermatzeko, Elkarrekin uda-taldeak proposatzen du hirigune osoan orduko 30 km-ko muga jartzea, Gasteiz “30 Hiria” deklaratuz.
[gview file=”https://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2021/04/20210408_Anexo-Prensa_Principales-Enmiendas-Elkarrekin.pdf”]