● EHAAk gaur argitaratu duen Tapia sailburuaren Agindu baten arabera, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Plan bat egin dezala, jatorri berriztagarriko energia aprobetxatzeko kokalekurik egokienak non dauden identifikatzeko.
● Hiru hilabete lehenago, 2020ko abenduan, plan horren planifikazioa eta ebaluazioa eskura eduki gabe, EEEk eta Iberdrolak partaidetutako Aixeindar sozietateak, Araban lau parke eoliko handi martxan jartzeko eskaerak aurkeztu zituen, zenbait administrazio-instantziaren aurrean.
● “Ez dakite kokaleku horiek betetzen ote dituzten Lurraldearen Arloko Planean ezarriko diren lege- eta ingurumen-betekizunak, baina ezerk ere ez ditu geldiarazten, eta korrika hasi dira proiektuak izapidetzeko lanekin. Zoritxarrez, berriz ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak gure lurraldeko ondare kultural, historiko eta naturalaren kontserbazioarekiko duen errespetu eta konpromiso eskasa” adierazi du Joserra Becerra kobozeramaileak.
Berdeak EQUO Euskadiko alderdi berdeak Eusko Jaurlaritzari leporatu dio, Aixeindar sozietatearen partaide den Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, Euskadiko parke eolikoen proiektuak izapidetzeko lanetan hasi izana, energia berriztagarrien lurralde-plan bat eduki gabe. Aldez aurreko plangintza hori gabe, EEEk ez zukeen kokalekuak hautatzen hasi behar, plan hori delako, hain zuzen, jatorri berriztagarriko energia aprobetxatzeko kokalekurik egokienak identifikatu, hautatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen antolamenduan integratu behar dituena, hori guztia ondare naturala, kulturala, historikoa eta paisajistikoa babesteko faktoreak kontuan hartuta, baita toki-eremuarentzako inpaktu sozioekonomikoa ere.
Gobernuak bete gabe utzi du aldez aurreko urrats hori, Lurraldearen Arloko Plana oraindik hasi gabe zegoelako, 2020ko abenduan, EEEk Araban lau parke eoliko sortzeko eskaerak zenbait administrazio-instantziaren aurrean aurkeztera zihoala iragarri zuenean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Plana egiten hasi dadila, eta eskaera hori gaur argitaratu da, martxoaren 30ean, hiru hilabete geroago EEEk parkeen kokapen zehatzak jakinarazi zituenez geroztik: Azazeta (Arraia-Maeztu eta Bernedo), 40 MW-ko potentziarekin; Iturrietako mendiak (Arraia-Maeztu), 75 MW; Labraza (Oion), 40 MW; eta Arkamo (Erriberagoitia), 95 MW. “Eusko Jaurlaritzak ez daki kokaleku horiek betetzen ote dituzten Lurraldearen Arloko Planean ezarriko diren lege- eta babes-betekizunak, baina ezerk ere ez ditu geldiarazi. Korrika hasi dira proiektuak izapidetzeko lanetan, eta, hori gutxi balitz, zalaparta handiz ere iragarri dituzte. Zoritxarrez, berriz ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak gure lurraldeko ondare kultural, historiko eta naturalarekiko duen errespetu eta konpromiso eskasa” adierazi du Joserra Becerra kobozeramaileak.
Berdeak EQUO alderdian lanean ari gara euskal udaletan proiektu horien tramitazioa geldiarazteko mozioak aurkezteko, Lurraldearen Arloko Plana izapidetzeko lanak amaitu arte, baliabide eoliko horiek ustiatzeko kokaleku egokienak zein diren arretaz baloratu ahal izateko.