Espazio publikoa eraberritzeko obretan Gasteizko Udalak hormigoiaren eta granitoaren ordez berdeguneak jartzea eskatzen dugu

  • Hirigintzaren ikuspegi hori 2008. urtean hasi zen, Andre Maria Zuriaren plaza eraberritzeko lanetan, baina egun bizi dugun testuinguru klimatikoan kaltegarria da, hiri-uharte efektua areagotu, biodibertsitatea arriskuan jarri eta uraren zikloa apurtzen duelako.
  • Elkarrekin-eko kideok zera eskatzen dugu, jarduketa berrietan udalerria klima-aldaketara egokitzeko neurri orokorrak aplika daitezela, Eusko Jaurlaritza – IHOBEren EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioan bildutako neurriak diren aldetik.

Elkarrekin taldeak mozio bat defendatuko du hurrengo osoko bilkuran, espazio publikoaren eraberritze-lanetan hormigoian eta granitoan oinarritutako espazio zabalak ugaritu ez daitezen, modu hori bultzatu baita, orain arte, hiriko jarduketa gehienetan. Elkarrekin-eko kideon helburua: espazio publikoa eraberritzean hiriguneak klima-aldaketara egokitzeko printzipioetan oinarrituta egitea (gune berde eta iragazkor gehiago, bero-boladetan freskatzeko tokiak izateko).

2000ko hamarkadatik aurrera, Europako hiri askotan, espazio publikoa eraberritzean landare-elementuak (zuhaitzak, heskaiak, lorategiak) ez ezik, lurrari jositako hiri-altzariak (zakarrontziak, farolak, bankuak…) ere ezabatu ziren, hormigoizko galtzada-harriz eta/edo granitozko blokez zolatutako espazio zabalak sortzeko. Modalitate hori Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza birmoldatzeko lanetan aplikatu zen lehen-lehenik, 2008. urtean. Plaza beraz gain, jarduketa ugari egin dira ildo berari jarraikiz: Antso Jakituna – Gorbea kalea – Ricardo Buesa kalea ardatza eraberritzean, Santa Maria plazan, Santa Barbara plaza – Posta kalean, San Frantzisko aldapa eta Errege Atea eraberritzean, Ospitale plazan, Tornay Medikuaren kalea eraberritzean, Florida kalea – Estibalizko Andre Mariaren hiribidea – Triana zubia ingurunean, tranbiaren ibilbidearekin lotuta. Bakoitzaren berezitasunak berezitasun, horren guztiaren ondorioz horrelako espazio zabal zolatuak sortu dira.

Dena dela, gaur egun, zalantzan jartzen da diseinu hori espazio publikoa birmoldatzeko egokiena ote den. Horrelako azpiegiturek bero-uharte efektua areagotzen dute hirietan – klima-aldaketaren ondoriozko batez besteko tenperatura globalaren igoerak gure hirian eragingo duen ondorio garrantzitsuenetako bat hirigunean tenperaturak gora egitea izango da, bero-uharte efektua dela eta. Efektu horrek lotura estu-estua du hirietan eraikitzeko erabiltzen diren materialekin (asfaltoa, zementua eta abar). Egunez, material horiek beroa hartzen dute eta, gauez, egun osoko bero hori askatzen dute poliki-poliki; horrela, bada, gaueko tenperaturek gora egiten dute. Eta ez da horrelakorik gertatzen hirien inguruko landaguneetan; izan ere, gune horietan lurrak beroa azkarrago galtzeko ahalmena baitu–.

Diseinu horren eraginez, hiriko biodibertsitatea galtzen da, baita horri lotutako zerbitzu ekosistemikoak ere. Zuhaitzak, landareak eta lorategiak kentzearen ondorioz, hiri-bilbe berdean etenak sortzen dira eta horrela askoz zailagoa da azpiegitura berdearen sistemak behar duen funtzionaltasuna lortzea. Klima-aldaketarekin batera, biodibertsitatearen galera da mende honetan gainditu beharreko larrialdi nagusietako bat eta, beraz, espazio publikoan egindako jarduketa guztietan biodibertsitatea zaintzea eta leheneratzea hartu beharko lirateke kontuan.

Hirugarren ondorio bat uraren zikloarekin loturik dago: lurrak iragazkortasuna galtzen du, akuiferoak hornidurarik gabe geratzen dira eta gainazalean jariatze-urak sortzen dira. Lur iragazkorrei esker, beroaldietan ura oxigenatu eta transpiratu daiteke, hartara tenperatura handiak leunduz. Lurrari eustea biodibertsitateari eustea da. Lurrak funtsezko egitekoa betetzen du ura akuiferorantz iragazteko prozesuan, gainazalean jariatze-urak sortzea eragozten baitu eta, hartara, euri-ura ez da hiri-saneamenduko sistemara iristen eta ura arazteko prozesuak ez du eraginkortasunik galtzen.

Horregatik guztiagatik, Elkarrekin taldeko kideon ustez hausnarketa sakona egin beharra dago espazio publikoan esku hartzeko eredu horren gainean, gaur egungo egoerara hobeto egokitzen diren aukerak planteatzearren. Eusko Jaurlaritza – IHOBEren EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioan bildutako neurrien artean, besteak beste, udalerria klima-aldaketara egokitzeko neurri hauek aurki daitezke:

  1. Udalerriko plaza, espazio eta eraikin publikoen azalera berdea eta iragazkorra handitzea.
  2. Tokiko konektibitate ekologikorako sare bat sortzea, hiri-ekosisteman biodibertsitateari eusteko.
  3. Freskatzeko hiriguneak identifikatu, egokitu eta mantentzea, bero-boladetan biztanleria kalteberarentzako bitarteko direnez (itzala duten plaza eta pasealekuak, iturriak…).