- “Badirudi Eusko Jaurlaritzak ez duela ezer ikasi Zaldibarren gertatutakoaz, tragedia hura eragin zuten kausez. Zabortegi horretan bizi izan duguna errepikatzera bultzatuko gaitu datorren hamarkadarako hondakinen estrategiak”, deitoratu du EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaile Joserra Becerrak.
- Eusko Jaurlaritzaren testuan adierazi denez, “Oro har, ez dira bultzatu behar zabortegi-instalazioak”, baina hondakindegien edukiera handitzea eta areagotzea dakarte Planean planteatzen diren aukera guztiek.
- Baimenak aldatzea ere aurreikusi da, batzuk “hondakin geldoen” zabortegiak izatetik “hondakin ez-arriskutsuen” zabortegiak izatera pasa daitezen, eta, hala, Zaldibarko kolapsoa eragin zuten industria-hondakin berberak har ditzaten.
EQUO Berdeakek alegazioak aurkeztu dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planaren Ingurumen Ebaluazio Estrategikoari, eta berrikuspen horren ondoren, alderdi berdeak ondorioztatu du kontraesan larriekin sortu dela datorren hamarkadarako hondakinen euskal estrategia.
EQUO Berdeak alderdiak ohartarazi du, ez badu hala ematen ere, testuan hasieratik aipatzen baita “zabortegi-instalazioak, oro har, ez bultzatzeko” helburua, paradoxikoki, zabortegi publiko zein pribatu guztien edukiera handitzea eta areagotzea dakartela Hondakinen Planean planteatutako aukera guztiek.
Are gehiago, hondakindegi horien baimenak aldatzea ere aurreikusi da. Neurri horren bidez, zabortegietako batzuk “hondakin geldoen” zabortegiak izatetik “hondakin ez-arriskutsuen” zabortegiak izatera pasa nahi dira, Zaldibarko kolapsoa eragin zuten industria-hondakin berberak hartzeko aukera emanez.
Euskadiko Alderdi Berdearen iritziz, harrigarria da Zaldibarko giza eta ingurumen-hondamendiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak ez eskaintzea 2020ko otsailaren 6an gertatutakoa berriro gerta ez dadin. “Badirudi Eusko Jaurlaritzak ez duela ezer ikasi Zaldibarren gertatutakoaz, tragedia hura eragin zuten kausez. Datorren hamarkadarako hondakinen estrategiak zabortegi horretan bizi izan duguna errepikatzera bultzatuko gaitu, zabortegien edukiera handitzea eta areagotzea eta hondakin geldoen zabortegi izatetik hondakin ez-arriskutsuen zabortegi izatera pasatzeko baimena ematea aurreikusi baitu”, deitoratu du EQUO Berdeak alderdiko bozeramaile Joserra Becerrak.

Bestalde, Planean ezarritako isurketa- eta errausketa-kanonari dagokionez, EQUO Berdeak alderdiak ohartarazi du tasen garrantziaren araberakoa izango dela haren eraginkortasuna. “Ongietorria eman besterik ezin diogu egin EQUO Berdeak alderdiak 2017an Eusko Legebiltzarrean proposatu zuen neurri horri, ordu hartan atzera bota zuena orain bere egin duen Gobernu berak. Baina disuasio-izaera badu bakarrik izango da erabilgarria. Bi praktika horiei uko egiteko adinakoak izan behar dute isurketa- eta errausketa-tasek; bestela, makillaje hutsa izango da, gai horri buruzko Europako zuzentarauak ez hausteko”, azpimarratu du Joserra Becerrak.
Horrez gain, EQUO Berdeak alderdiak adierazi du inbertsioak egin behar direla udalerrietan eta eskualdeetan bilketa-sistemak ezartzeko 2025a baino lehen hondakinen ekoizpena banaka kuantifikatu ahal izateko. Udal askok ez dute sistema digitalizatu horiek inplementatzeko ahalmen ekonomikorik, pertsona edo bizikidetza-unitate bakoitzak sortutako hondakinak kuantifikatzeko, eta horiek beharrezkoak izango dira etorkizunean sortzeagatiko ordainketan oinarritutako tasak ezarri ahal izateko udalek eta mankomunitateek.