- Euskadiko alderdi berdeak ohartarazten duenez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lehen dokumentuak anbiziorik ez du, eta egungo eredu ekonomiko jasanezina aldatzea saihesten du, klima-larrialdiko egoeraren eragilea den arren.
- “Ezin dugu denbora galdu alferrikako esperimentuetan. Aurreproiektu honek ez die Euskadik aurre egin beharreko eraldaketa-premiei erantzuten. Eusko Jaurlaritzak klimaren alorrean erakutsitako anbizio-maila handitzen ez bada, gure gazteak oso etorkizun zalantzagarri batera kondenatuko ditugu”, ohartarazi du José Ramón Becerra kobozeramaileak.
EQUO Berdeak Euskadiko alderdi berdeak Euskadiko Klima Aldaketari buruzko Lege Aurreproiektuaren aurkako alegazioak erregistratu ditu Eusko Jaurlaritzan, aldez aurreko kontsultarako lehen aldian. Alderdi berdearen ustez, aurreproiektuaren planteamendua ez da nahikoa, inondik inora, planeta astintzen duen klima-aldaketari aurre egiteko zientziak ezarri dituen helburuak bete ahal izateko. “Ezin dugu denbora gehiago galdu alferrikako esperimentuetan. Ez dugu aukera gehiago izango klima-krisiak gure gizartean, gure ekonomian eragindako efektuei buelta ematen ahalegintzeko. Aurreproiektu honek ez die erantzuten Euskadik aurre egin beharreko eraldaketa-premiei, kontsumitzen eta produzitzen dugun moduarekin eta bizi garen moduarekin zerikusia duten aldaketei. Anbizio klimatikoaren maila igotzen ez badugu, klima-aldaketa dakarren gure sistema ekonomiko jasanezin honetan sakoneko aldaketak egiten ez baditugu, ezin izango ditugu nazioarteko erakundeek ezarritako klima-helburuak bete. Gainera, Eusko Jaurlaritza oso etorkizun zalantzagarri eta beltz batera kondenatzen ari da gure gazteak”, ohartarazi du José Ramón Becerra alderdiko kobozeremaileak.
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Aurreproiektuaren ekintza-eremua oso mugatua da, eta horrek agerian jartzen du Eusko Jaurlaritzaren planteamendua guztiz okerra dela, praktikan haren ezarpena, ia soil-soilean, Ingurumen Sailera mugatzen delako. Testuan zeharkako ikuspegi baten premia aipatzen bada ere, horri heldu beharrean, plan, proiektu, lege eta aurrekontuen klima-txostenak egiteko nahitaezkotasuna ezartzera mugatzen da auzia.
Bestetik, alderdi berdearen iritziz ez da ezarri gas-emisioak murrizteko nahitaezko konpromiso sendorik, Europako erakundeek onartutakoa aintzat hartu gabe: 2030erako emisioen % 60 murriztea, Parisko helburuekin bat etorriz. 2050erako karbono-neutraltasuna deskribatzen da, baina helburu argirik gabe. “Formula zehatzago bat behar dugu. Adibidez, Balearretako legeak argi zehazten ditu 2030erako helburuak: % 35 berriztagarria, % 20 efizientzia, -% 40 emisioak; eta 2050erako: % 100 berriztagarria, % 40 efizientzia, -% 90 emisioak”, azpimarratu du kobozeramaileak.
EQUO Berdeak alderdiak eskatzen du, halaber, erregai fosilen erabilera mugatzeko, hidrokarburoen miaketari/ustiapenari amaiera emanez eta erregai horietan oinarritutako mugikortasuna murriztuz, Mugikortasun Jasangarriko Planen bitartez 50.000 biztanletik gorako udalerri eta eskualdeetan.
Gainera, Diputatuen Kongresuan defendatzen duenarekin bat etorriz, EQUO Berdeak taldeak planteatzen du Herritarren Klima Errenta bat ezartzea, Bidezko Trantsizioa bultzatzeko funtsezko tresnetako bat den heinean, eta, horrez gain, batzorde zientifiko aholku-emaile independente bat sortzea, herrialdeko klima-helburuak betetzean eragina izan dezaketen gobernu-politika guztiak informatu eta baldintzatzeko.
Azkenik, EQUO Berdeak alderdiak eskatzen du Legean genero-ikuspegia txertatzea, egoera horri aipamen bat ere ez zaiola egiten aintzat hartuta, baita legean Klimaren aldeko Kultura bat sustatzeko kapitulu bat txertatzea ere. “Egin behar ditugun aldaketak posibleak izango dira, soil-soilik, herritarrak informatuta eta kontzientziatuta badaude, eta klima-larrialdiak eskatzen duen moduan jarduteko beharra partekatzen badute. Hori lortuko da, soil-soilik, klimaren aldeko kultura bat sortuz, iraganean kultura kapitalista bat eta kultura kontsumista bat sortu ziren bezala. Hezkuntzak funtsezko zeregina betetzen du eremu horretan, baita kulturan, artean eta gure kultura-nortasunarekin zerikusia duen guztian ere”.