EQUO Berdeak alderdiak Kantauri Itsasertzeko tren konbentzionalerako inbertsio-plan espezifiko bat eskatu du Kongresuan, berreraikuntzako Europako Funtsei eta Aurrekontu Orokorrei loturik

  • Inés Sabanés alderdi berdeko diputatuak legez besteko proposamen bat erregistratu du, Gobernu zentralak Kantauri Itsasertzeko tren konbentzionalaren aldeko konpromisoa har dezala lortzeko, “gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko pieza bat den heinean”
  • Bilbo-Santander linea izango da plan horren onuradun nagusietako bat. Izan ere, zerbitzuak behin eta berriz bertan behera uztera behartuta dago gaur egun, makinistarik eta langilerik ezean.
  • Alderdi ekologistaren ustez, iparraldeko tren konbentzionalak inbertsioen beharra dauka, bizirik irauteko eta etorkizuneko garraio bihurtzeko: irisgarria, soziala, jasangarria, modernoa eta kalitatezkoa, eta Espainiako Abiadura Handia garatzeko planak ezin dira gauzatu inbertsio horien kaltetan.

Inés Sabanés alderdi berdeko diputatuak Legez besteko Proposamen bat erregistratu du Kongresuan Kantauri Itsasertzeko Trenbide Konbentzionala defendatzeko, eta Gobernuari inbertsio-plan espezifiko bat egin dezala eskatzeko. Alderdi ekologistaren Euskadiko, Galiziako, Asturiasko, Gaztela eta Leongo eta Kantabriako batzarrek adostu zuten eskari hori Kongresuari helaraztea Sabanés diputatuaren bitartez. Erkidego horiek zuzenean kaltetuta daude, hain zuzen, beren eskualdeak zeharkatzen dituzten trenbideen maiztasun-murrizketen ondorioz, eta pandemiak egoera areago okertu du gainera.

Alderdi horiek Gobernu zentralaren konpromisoa lortu nahi dute lehendik dauden lineak hobetu eta mantentzeko, telekomunikazioak, seinaleak, elektrifikazioa, trazadurak, geltokiak, konboien egoera eta kontserbazioa eta trenarekiko irisgarritasuna hobetzeko, eta oraindik indarrean dauden trenbide-pasaguneak kentzeko. Eta xede horretarako proposatzen dute inbertsio-plan hori berreraikuntzako Europako Funtsei ez ezik, Estatuko Aurrekontu Orokorrei ere lotzea. Izan ere, ekitaldi honetarako diputatu berdeak zuzenketa bat txertatu du Kantauriko Itsasertzeko trenbide-lineak hobetzeko eta mantentzeko Plana aldatzearren, 500.000 (milako eurotan) gehiago inbertituz.

Bilbo-Santander da linea kaltetuenetako bat, zerbitzuak behin eta berriz bertan behera utzi behar izaten dituztelako makinistarik eta langilerik ezean, eta plan horren onuradun nagusietako bat izan liteke, ibilbidea egokitzeko eta bi hirien arteko maiztasunak handitzea ahalbidetuko lukeelako planak, une honetan eguneko bidaia bakarrera murriztuta daudenak.

Alderdi berdearentzat, Kantauriko Itsasertzeko trenbidea bere onera ekartzea eta haren funtzionamendu bikaina bermatzea laguntza handikoa izango da herrien arteko jarduera soziala eta ekonomikoa antolatzeko, eta baliabide publiko hori pertsona eta salgaien etorkizuneko garraiobidea bihurtzeko: irisgarria, soziala, jasangarria, modernoa eta kalitatezkoa.

Alderdi ekologistaren ustez, Espainiako Abiadura Handia garatzeko planak ezin dira gauzatu tren konbentzionalak behar dituen inbertsioen kaltetan: “Abiadura handiko trena eta trenbide konbentzionala ez lirateke zertan elkarren aurka jarri behar, baina azken batean, abiadura handiko trena finantzatzen ari da trenbide konbentzionalerako inbertsioak hustearen truke. Azken urteetako trenbide-inbertsioaren % 15 soilik bideratu da aldirietako eta distantzia ertaineko lineetara, eta linea horiek dira trenaren eguneroko erabiltzaileen % 90ak erabiltzen dituztenak. Erabateko lehentasuna ematen ari zaio lurraldea antolatzeko eta mugikortasunerako eskubide unibertsala bermatzeko lagungarri izango ez den sistema bati, une honetan, planteatuta dagoen moduan, eliteentzako garraio bat delako. Bi ereduen arteko bizikidetza litzateke onena” Joserra Becerra EQUO Berdeak alderdiko bozeramaileak adierazi duenez.