-
Alderdi berdeak deitoratu egin du Urkulluren Exekutiboak hartutako erabakia; izan ere, Europak ezarritako banaketa-irizpideekin guztiz bat datorren proiektua da, sozialki bidezkoa, modernoa eta jasangarria baita
-
Zabalganatik hirigune aldera garraio jasangarria izateko irtenbideak ere eskatu ditu, auzo horretara joateko tranbiaren linea ere Europako finantzaketa eskuratzeko aukerarik gabe geratu ondoren
EQUO Berdeak taldearen ustez, guztiz beharrezkoa eta lehentasunezkoa da erabakitasunez aurrera egitea auzo bizien ereduetarantz, eta superetxadien proiektuak auzokoen arteko harremanak eta tokiko kontsumoa bultzatzen ditu, trafikoa baretzeari –gehieneko abiadura 30 km/orduko–, espaloiak zabaltzeari eta oinezkoentzako bideak sortzeari esker, besteak beste.
Hori dela eta, alderdi berdeak azpimarratu du hirigintza jasangarriaren eredu hori ezarri behar dela Gasteizen pixkanaka-pixkanaka, trafikoa eta, ondorioz, gas kutsatzaileen igorpenak murrizten baititu. Horren harira, Gasteizko Udalari eskatu dio planteamendu horren alde egin dezala eta ez diezaiola uko egin formula horri, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak uko egin dion Arabako hiriburuko urrezko auzoetarako planteatutako superetxadien proiektu integral hori –52 milioi euroko aurrekontua duena– “Euskadi Next” programan jasotako Europako berreskuratze-funtsak banatzeko hautagaien artean sartzeari.
Alderdi berdeak deitoratu egin du Urkulluren Exekutiboak hartutako erabakia; izan ere, Europak ezarritako banaketa-irizpideekin guztiz bat datorren proiektua da, sozialki bidezkoa, modernoa eta jasangarria baita. “Funtsezkoa eta premiazkoa da pertsonei lapurtutako espazioa itzultzea, lasai ibiltzeko ez ezik, kaleetan eta plazetan atseden hartu ahal izateko, beste pertsona batzuekin elkarreragiteko eta auzoan bizia sortzeko ere. Kaleak ezin dira leku batetik bestera joateko korridore hutsak izan. “Eredu hori nahi dugu Gasteizko urrezko auzoetarako”, adierazi dute EQUO Arabaren biltzarretik.
Bestalde, alderdi berdeak irtenbideak eskatu ditu Zabalgana auzoa hiriko erdigunearekin modu jasangarrian lotzeko, Next Generation funtsen finantzaketa eskuratzeko aukerarik gabe geratu baita auzo horretara joateko tranbiaren linea, Eusko Jaurlaritzak hautagaien zerrendan sartzeari uko egin ostean. Auzo horren hazkunde esponentziala dela eta, argi dago martxan dagoen autobus-linea ez dela nahikoa garraio-eskaera osoari erantzuteko.
Azkenik, EQUO Berdeak pozik agertu da hiri-autobusen linea berri bat, 11. linea, elektrifikatzeko proiektua Europako finantzaketa eskuratzeko hautagaien artean sartu izanagatik. Proiektu horri esker, Salburua eta Zabalgana auzo berrien arteko mugikortasun-beharrei erantzun ahal izango zaie, energia-kontsumoa eta gas kutsatzaileen igorpenak murriztuz, elektrifikazioa bultzatuta.