EQUO Berdeak taldeak aurpegiratu egin die Arabako erakundeei Arabako Parke Teknologikoan eraikin berri bat egin nahi izatea bertan Mobility Lab proiektua hartzeko

  • Miñaon proiektatutako obra horrek Europako finantzaketa eskuratu nahi du errekuperazio-programako funtsen bidez.
  • Alderdi berdearen iritziz gastu hori ez da batere beharrezkoa, Gasteizen hainbat instalazio huts baitaude proiektu hori gauzatzeko, bai eta beste behar batzuk ere, eskura daitezkeen dirulaguntza horietarako premiazkoagoak direnak.
  • Ohartarazi dute Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aurkakoa dela haren eraikuntza, gidalerro horiek argi eta garbi adierazten baitute Miñaokoa bezalako guneak zabaltzearen kontra daudela.

EQUO Berdeak, Euskadiko alderdi berdeak, guztiz deitoratzen du EAJk eta PSEk gobernatzen dituzten Arabako erakundeek, Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak beste eraikin bat eraiki nahi izatea Arabako Parke Teknologikoan, bertan Mobility Lab proiektua gauzatzeko.

Hiri-garraioaren joerei buruzko berrikuntza zentroak, dirulaguntza jaso dezaketen proiektuen proposamenean jasoa eta Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunari aurkeztua Euskadi Next programaren barnean, finantzaketa lortu nahi du Next Generation Europako errekuperazio-funtsen bidez. Alderdi berdearen ustez, kasu honetan, alferrik galduko da dirulaguntza hori ezinbestekoak eta premiazkoagoak diren beste proiektu batzuetara bideratzeko aukera bikaina (hiriko estalkietan eguzki-panelak jartzea edo Zabalgana auzoko garraio jasangarria hiriaren erdigunerantz…). Are gehiago eraikin berriaren gastua guztiz alferrikakoa denean, hainbat gune edo instalazio huts baitaude, Miñaoko parke teknologikoan bertan ez ezik, Gasteizen ere, zentro hori ezartzeko. “Deigarria behintzat bada, Miñaon 200.000 metro koadro erabilgarri egonda eta esparruko instalazioen okupazioa % 40koa izanda, eraikin berria egin nahi izatea, gaur egun erabiltzen ez diren ekipamendu horiek erabili beharrean”, ohartarazi dute EQUO Arabatik.

Parque Tecnológico de Álava, Irekia argazkiak

EQUO Berdeak taldeak ez du ulertzen jeltzaleek gobernatzen dituzten Arabako erakundeek “adreiluaren politikaren” alde egiten jarraitu nahi izate hori, hain zuzen ere Arabako Parke Teknologikoan beste eraikin bat eginda, jada klientelismo, pelotazo eta ustelkeria susmoak daudenean kokaleku horren gainean, De Miguel auziarekin duen loturagatik, eta bere buruari galdetzen dio “alderdiaren beste txiringito bat ez ote den izango” eraikin berri hori.

Alderdi berdeak proiektuaren kokalekua birplanteatzeko eskatu die bi erakundeei; izan ere, badaude hainbat aukera, esate baterako Maturana Berastegi jauregi abandonatua, xede horretarako birgaitu daitekeena, edo Lakuan hutsik dauden udal-lursailak, tranbia-ardatzean.

Alderdi berdearentzat, gainera, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aurkakoa da parke teknologikoan eraikin hori egitea, argi eta garbi adierazten baitute Miñaokoa bezalako instalazioetan gune berriak ezartzearen aurka daudela. “Guztiz inkoherentea da ezerezaren erdian eta berrikuntza-zentroaren ustezko ikerketa-eremutik 10 kilometrora dagoen uharte bat jardueraz hornitzen jarraitzea. Ez dator bat ez gidalerro berriekin ez Gasteizek eta Arabak behar dituzten hirigintzako ildo estrategiko berriekin, ez mugikortasunarekin, ez eta estrategia ekonomikoarekin ere”, salatu dute EQUO Arabatik.