- EQUO Berdeak alderdiko zinegotzi Óscar Fernándezek mozio bat erregistratu du hirigintza-lizentzien emakidak bertan behera uztea dekretatzeko helburuarekin, Justiziak ingurumen-inpaktuko deklarazioan atzemandako desadostasunen gaineko ebazpena eman arte eta Klima Aldaketari buruzko Lege-proiektua izapidetzen ari den bitartean.
EQUO Berdeak alderdiarentzat onartezina da Gasteizko Udalaren Gobernua, Eusko Jaurlaritzarekin batera, SHESA sozietate publikoak Armentia-2 putzuan sustatutako hidrokarburoen esplorazio-zundatze konbentzionaleko proiektua hasteko lizentzia onartzeko ahaleginetan dabilela ikustea.
EQUO Berdeak alderdiak komunikatu bat plazaratu zuen atzo, Gorka Urtaranen taldeari eskatzeko erantzukizunez jokatzeko eta SHESAri jarduera-lizentzia ukatzeko, eta, horrez gain, Udalaren Osoko Bilkuraren babesa ere lortu nahi du, lizentzia ematea galarazteko. Horregatik, Osoko Bilkurara eramango du alderdi ekologistaren baitan ez ezik, proiektu polemiko horren aurka dauden hainbat sektore eta erakunde zibilen artean hainbesteko kezka sorrarazi duen gai korapilatsu hori.
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, SHESAren eskaerak ez du inolako zentzurik, kontuan hartuta, batetik, joan den uztailean Kongresuak EQUO Berdeak alderdiaren zuzenketa bat onartu zuela, erregai fosilen gaineko ikerketak ezabatzea exijitzen duena, eta, bestetik, Gobernu zentrala tramitatzen ari den Klima Aldaketari buruzko Legearen atarian gaudela, ustekaberik ez bada, ildo horretan sakonduko duena.
Horregatik, Fernándezek aurkeztutako mozioak eskatzen du hirigintzako mota guztietako lizentzia, onarpen eta baimenen emakidak bertan behera uztea, Klima Aldaketari buruzko Lege-proiektua izapidetzen ari den bitartean. Horrez gain, emakida horiek eteteko eskatzen du, halaber, Gasteizko Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren, eta hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren artean atzemandako arau-desadostasunak, proiektuaren ingurumen-inpaktuko deklarazioan jasota daudenak, auzitegietan ebatzi arte.
Azkenik, mozioaren azken puntuan Gasteizko udalari eskatzen zaio berretsi dezala hidrokarburoak miatu eta ustiatzeko proiektu berriak bateraezinak direla Nazio Batuek ezarritako eta Europako araudira eta plangintzara ekarritako klima-helburuekin.
“Onartezina da Green Capital batean horrelako zerbait gertatzen ari dela ikustea. Energia-trantsizioaren bidean, erregai fosiletarako tokirik ez dago. Gasa iraganeko energia bat da, eta ez du klima-krisia konponduko, ezta gizarte-krisia ere. Europan lantzen ari den berreraikuntza berde eta justuan tokirik ez du. Energia aurrezteak, efizientziak eta energia berriztagarrien ezarpen masiboak baino ez dute tokirik, Covidaren ondoko gizarte justu eta jasangarri batean. Zenbat eta gehiago berandutu ezarpen horretan, orduan eta egoera okerragoan aurkituko gara. Erregai fosilik gabeko Gasteiz bat da etorkizun posible bakarra”, Oscar Fernández zinegotziak adierazi duenez.