Gasteizko Udalak aurkeztu duen programak urte bukaerara arte iraungo du, eta herritarrak ausazko jokoei lotutako patologiez kontzientziatzea du helburutzat, baita kirol apustuek dakartzaten arazoen prebentzioa lantzea ere. Ekimenak lantegiak, kaleko ekintzak, kirol monitoreentzako prestakuntza, ihes-areto birtuala eta publizitate-kanpaina bat barne hartzen ditu, eta gobernu taldeak Elkarrekin taldearekin eta bere bozeramaile eta gure zinegotziarekin, Oscar Fernández, egin zuen aurrekontu-akordioaren emaitza da.
Orotara 34.508 euro bideratuko dira programa osatzen duten jardueretara, hasieran aurreikusitakoa baino % 38 gehiago.
Bereziki gazteei zuzendutako ekintzak izango dira, joko mota ezberdinekiko adikzioaren hazkundea kezkagarria baita haiengan.
“Gazteen ludopatiaren arazoa gorantz doa gure udalerrian. Horregatik, duela urtebete ludopatiaren kontrako udal kanpaina bat proposatzeko mozio bat aurkeztu genuen, eta Udalbatzak onartu zuen. Horren haritik, Elkarrekin taldeak ekimen hori sartu zuen aurrekontu-akordioan. Kalean bertan lan egiten duten elkarteekiko kanpaina hau urrats handia da gaitz horren kontra borrokatzeko, eta gazteak zorizko jokoen beste aurpegiaz sentsibilizatzeko“, erantsi du Elkarrekin-eko zinegotzi Oscar Fernándezek.
Apustuen eta zorizko jokoen prebentziorako programaren gakoetako bat arlo horretan diharduten tokiko elkarte eta agenteekiko lankidetza da. Zehazki, ASAJER-Errehabilitazioan ari diren Arabako Jokalarien Elkartearen eta Ai Laket! elkartearen laguntza dute aurreikusitako ekintzetako batzuek, baita hainbat arazori —jokoa, besteak beste— buruzko informazio eta pedagogia ekintzetan espezializatutako enpresa lokalek ere.
Publizitate-kanpaina bat izango da lehen ekintza: “Apustu egiten duzunean, dena desagertzen da” mezuaren bitartez, jokatzen duen pertsonak gal dezakeena azpimarratu nahi da modu positiboan, erraz ezagutu daitezkeen adibideak baliatuz. Kanpaina 15 eta 30 urte bitarteko populazio-taldeari zuzentzen zaio berariaz. Jokoaren kontrako ohiko mezuak —alderdi kaltegarriak azpimarratzen dituztenak— alde batera utzi eta hartzaileen konpromiso handiagoa lortu nahi da. Bide publikoko euskarriak (kartelak, hiri-altzariak…), Udalak dituen bitarteko digitalak (webgunea, sare sozialak, etab.) ete beste bitarteko osagarri batzuk erabiliko dira kanpainan. Formatuei dagokienez, nabarmentzekoa da 10 binilo jarriko direla zenbait bizikleta-aparkalekutako zoruan, publiko hartzailea erakartzearren.
Gaur bertan abiaraziko da publizitate-kanpaina, urriaren 29a Zorizko Jokorik gabeko Eguna baita; jokoarekin lotutako patologien errehabilitazioa helburutzat duten estatu osoko elkarteek hartzen dute parte ekimen horretan. Zenbait jarduera antolatu dituzte herritarrei zorizko jokoen eragin kaltegarriei buruzko informazioa emateko.
Azaroan zehar prestakuntza-jarduerak eskainiko dira programaren bidez. Izan ere, ikastetxeetan egiteko bi lantegi antolatu dira:
- Legez kanpoko drogen, zorizko jokoen eta kirol apustuen prebentziorako lantegia, aholku orokorrak emateko.
- Legez kanpoko drogen, zorizko jokoen eta kirol apustuen arriskuak gutxitzeari buruzko lantegia, ikasgelan ikasleren batek jokatzen duela antzemanez gero esku hartzeko jarraibideak emateko.
Hamahiru ikasgelak eman dute izena lantegietarako; ikuspegi didaktiko eta dinamikoan oinarritutako hiru saio izango dira. Hezkuntzaren alorrean, orobat, Bart Freundlich-en “La última apuesta – Wolves” filma proiektatuko da. Filmak jokoarekin lotutako patologien gaia jorratzen du, eta irakasle-ikasleek horretaz hausnartzeko bide emango du, material osagarriaren laguntzaz. Hamazazpi ikasgelak hartuko dute parte.
Udalaren webgunean kontsulta daiteke hezkuntza lantegiei eta proiekzioari buruzko informazioa. Ekintza horien xede diren mailetako irakasleek saludpublica@vitoria-gasteiz.org helbidera ere idatz dezakete izena emateko.
Bestetik, ihes-areto birtuala jarriko da abian azaroan, zorizko jokoen eta kirol apustuen gaia formatu ezberdin batean lantzeko, banaka zein taldean. 15-16 urte inguruko gazteentzat pentsatua dago bereziki; 45 minutuko abentura bat da, zeinean joko patologikoaren erakarmenetik ihes egin beharko baita asmakizunak eta enigmak askatuz.
Kirol arlora berariaz zuzendutako ekintza bat aurreikusi da, halaber, ASAJER elkartearekiko lankidetzan. Arlo horretan diharduten monitoreentzako eta beste talde batzuentzako prestakuntza-lantegia da: gaiari buruzko ezagutzak aztertu ondoren, prestakuntza teoriko-praktikoa eskainiko da arrisku-portaerak nola antzeman eta horien aurrean nola jokatu ikasteko, eta kirolarekin lotutako balioak zabaltzeko, hala nola adiskidetasuna, ahalegina, emozioen kontrola eta helburu komunaren alde lan egitea.
Prebentzio programa osoan zehar gazteei zuzendutako kaleko ekintzak egingo dira. Osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian, alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoak dakartzan arriskuei buruz sentsibilizatzeko ekintzak egingo dira aisialdirako guneetan, eta jokoarekin lotutako arazoak aztertuko dira amaitzeko.