- Alderdi berdeak ohartarazten du Topoaren gelditutako tartearen lanen azken gastua, hasiera batean ezarritako prezioaren ia bikoitza izan litekeela: 135 milioi, kopuru itzel bat tarte horretarako
- Allderdi ekologistak erantzukizun politikoak eskatzen ditu “begi-bistako aurreikuspenik eza eta diru publikoaren xahutze honen aurrean”
Gipuzkoako EQUO Berdeak alderdiak beharrezkotzat jotzen du Herri Kontuen Euskal Epaitegiak auditoria bat egitea, Donostiako Topoaren lanen kostua nola kalkulatu den argitzeko, lan horiek egundoko gainkostuak ekarriko dituztela aintzat hartuta.
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak onartu du jada, igoera hori % 70 ere izan litekeela. Hori jakin ostean, eta pleguetan hasiera batean aurreikusi ohi den % 20ko gainkostua gehituta, azpiegitura handien kasuan sistematikoki gauzatu ohi dela kontuan hartuta, Gipuzkoako EQUO Berdeak ohartarazten du azken gastua hasiera batean ezarritako prezioaren ia bikoitza izan litekeela: 135 milioi, kopuru itzela tarte horretarako, azken faktura areago garestituko duen BEZa gehituta.
“Begi-bistako aurreikuspenik eza eta diru-publikoaren xahutze honen” aurrean, ezinbestezkotzat jotzen dugu organo kontrolatzaileak esku hartzea, prozesuan irregulartasunik izan ote den ebatz dezan, eta, txosten horretan oinarrituta, ondoren erantzukizun politikoak argi ditzan. “Euskal herritarrok eskubidea dugu aurkitutako arazoak zer dela-eta ez ziren aurreikusi jakiteko, ondo aurreikusiz gero, gerora azaldutako arazoak konpontzeko tratamendu berrietarako aurrekontu-gainkostu horiek saihestuko zirelako, eta eskubidea dugu, halaber, diru publikoaren hemorragia horren erantzuleak zein diren jakiteko”, alderdi berdetik adierazi dutenez.

Alderdi ekologistak, Europako alderdi berdea Gipuzkoan ordezkatzen duenak, gogor kritikatu ditu kontratazio-prozedurak. Euskal Trenbide Sareak ezarritako gehieneko lizitazio-zenbatekoa 71 milioi euro izan zen, baina obra egiteko hautatutako enpresa kontratistak 53 milioiko aurrekontua proposatua zuen, hau da, Administrazioak aurreikusitakoa baino % 25 gutxiago. “Hori nahikoa da kontratazio-prozeduretan zerbait oker dabilela ikusteko. Horrelako jaitsiera bat ezinezkoa da, non eta berekin analisien murrizketa bat ez badakar, eta horren ondorioz etortzen dira gero ustekabeak, materialetan, exekuzioan edo lan-baldintzetan”, uste dute alderdi berdeko kideek.
Gipuzkoako EQUO Berdeak alderdiak salatzen du, halaber, metroaren Donostian barreneko saihesbidearen diseinuak akats larriak dauzkala, Satorralaia auzo-mugimenduak urtetan salatu duenez. Beste gabezia batzuen artean aipatzen dute tren- eta autobus-geltokiekiko konexiorik eza, eta Pio Barojako larrialdi-irteeran segurtasun-arauak ez betetzea: “Erreskate-ibilgailuak ezin dira sartu, larrialdi-zerbitzuen esku-hartzea errazteko moduan; larrialdi-irteeren artean eskatutako gehieneko distantzia ez da betetzen; eta mugikortasun urrituko pertsonen ebakuazioa ahalbidetzeko bitarteko alternatiborik ez dago. Proiektua hainbat hutsunerekin sortu zen beraz, eta hala eta guztiz ere lurpea zulatzeko hainbeste milioi gastatzea zinismotik hurbil dagoela esan dezakegu”. Horregatik guztiagatik, alderdi berdeak obraren espedientea eskatuko du.
Alderdi ekologistaren ustez, Eusko Jaurlaritzak sinesgarritasun osoa galdu du jardun horri dagokionez. “Obren hasieran jada zenbaitek salatu zuten arrakalen agerpena , baina Euskal Trenbide Sareak garrantzia kendu zion arazo horri. Ondoren, zulo handi bat ireki zen Zubieta kaleko eraikin batean, eta Euskal Trenbide Sareko zuzendariak ezbehar soiltzat jo zuen. Orain badakigu arazo larri eta arriskutsu bati egin behar diotela aurre, euskal herritarrentzat dozenaka milioi euro suposa dezakeena” diote alderdi berdetik, eta bide batez adierazi dute bat egiten dutela Satorralaia kolektiboak azaroaren 14rako deitutako manifestazioarekin.