Euskadiko alderdi berdearen ustez, Arabako Lautadako udalerriak isolatuta geratzeko bidean daude, Altsasu-Miranda-Gasteiz lineako zenbait tren-geltoki bertan behera utzi ondoren. Gainera, eskualdeak ez dauka autobus-zerbitzu erregularrik, eta horrenbestez, herritarrek ibilgailu pribatua erabili behar dute, ezinbestean, beste herri batzuetara edo Arabako hiriburura joateko, edota, autorik ezean, mugimenduak murriztu beharrean aurkitzen dira.
Horregatik, EQUO Berdeak alderdiak Arabako Aldundiari eskatzen dio garraio-linea irisgarri eta jasangarri bat ezartzeko aukera azter dezala, Arabako eskualdearen eta probintziako gainerako udalerrien arteko komunikazioak ahalbidetzeko. Ildo horretan, Garraio Publikoaren aldeko Lautadako Plataformaren erreklamazioa babesten du alderdi berdeak, Arabako Foru Aldundiak erregulatutako autobusak eskatzen dituen erreklamazioa, alegia, linea sarriekin eta BAT txartela erabiltzeko aukerarekin.
EQUO Berdeak alderdiak ulertzen du eskualdeko herritarren aldarrikapena; izan ere, diskriminatuta sentitzen dira, autobus- eta tren-zerbitzu erregularrak badituzten beste kuadrilla batzuen aldean. “Ulertezina da landa-munduan bizi den jendeak lekualdatzeko modurik ez izatea”.
EQUO Berdeak alderdiak berriz ere adierazi nahi du, halaber, inbertsio gehiago egin behar direla trena lurraldearen antolatzaile eta mugikortasun jasangarriaren ardatz bihurtzeko, aldirietako sareari lehentasuna emanez.