Fernándezek akordio bat eskaintzen du Ensanche 21 sozietatearen baitan, Gasteizko hiri-birgaitzea masiboki bultzatzeko

  • Elkarrekin koalizioak udal-sozietatean duen kontseilari Oscar Fernándezek alderdiaren botoa eskaini du, udalerrian hiri-birgaitzea masiboki aktibatzea ahalbidetuko duten diru-sarrera berriak bermatzeko.
  • Fernándezek baldintza bat jarri du sozietatearen jabetzako lurzatien salerosketarako funts berriak lortzeko: etekin guzti-guztiak birgaitze-programetarako erabiltzea.
  • Gainera, Fernándezek eskatu du, “hurrengo asteetan”, etxebizitzak birgaitzeko finantza-neurriei buruzko arau erregulatzailea abian jartzea.

Udal-sozietateko kontseilariak eta EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin koalizioan duen zinegotziak akordio bat eskaini du Ensanche 21 udalaren hirigintza-sozietatearen baitan, Gasteizko hiri-birgaitzea masiboki bultzatzeko. Oscar Fernández koalizioko bozeramaileak eta kontseilariak jakinarazi duenez, akordio horrek aukera emango du datozen ekitaldietan udal-sozietatearen jabetzakoak diren lurzati ugari salerostea baimentzeko, eta, horri esker, Ensanche 21 sozietateak diru-sarrera berriak edukitzeko. Fernándezek baldintza bat jarri du akordioa sinatzeko: klausula berezi bat erantsi da, aparteko funts horiek, oso-osorik, Gasteizen abian jartzen diren hiri-birgaitzeko programetarako erabil daitezela behartzeko.

Gainera, Fernándezek eskatu du, “datozen asteetan”, etxebizitzak birgaitzeko finantza-neurriei buruzko arau erregulatzailea abian jartzea. Arau hori funtsezkoa da edozein pertsonak, bere gaitasun ekonomikoa eta errenta edozein izanik ere, bere etxebizitza birgaitzeko programa batean sartzeko aukera izan dezan. Ildo horretan, Fernándezek gainerako talde politikoei leporatu die arau horren onarpena “oztopatzen eta moteltzen” ari direla, arrazoi politiko soilengatik.

Amaitzeko, Oscar Fernándezek ziurtatu du eskaintza horren helburua Gasteizerako akordio “on” bat lortzea dela, eta hori dela “aukera bideragarri bakarra” Green Capital hiriburuak masiboki aurrera egin dezan hiria birgaitzeko eta udalerria deskarbonizatzeko bidean. Horregatik, Fernándezek berriz ere eskatu die gainerako alderdiei borroka alderdikoiak alde batera utzi eta “Gasteizen alde, elkarlanean jardun dezatela”.