EQUO Berdeak alderdiak “oso kezkagarritzat” jotzen ditu Gasteizko mugikortasunari buruzko azken inkestaren datuak, eta Urtarani superretxadiak inplementatzeko eskatzen dio, “berandutu gabe”

  • Banaketa modalari buruzko datuen arabera, atzerakada nabaria izan da oinezkoen eta bizikletaren mugikortasunaren erabileran, eta alderdi berdearen ustez horrek kolokan jartzen ditu azken hamarkadan udalak mugikortasunaren alorrean aurrera eramandako politikak.
  • EQUO Berdeak alderdiak salatu nahi du Marotoren eta Urtaranen gobernuek mugikortasun-politikak bigarren maila batean utzi dituztela, jardun txikiak baino ez dituztelako abian jarri eraldaketa handiak kontuan hartu gabe, hala nola superretxadien inplementazioa eta TAO zabaltzea.

EQUO Berdeak alderdiak “oso kezkagarritzat” jotzen ditu Ikertaldek Gasteizko 2019. urteko mugikortasunari buruz egindako azken inkestaren datuak. Inkesta horren arabera, oinezkoen joan-etorriek eta bizikletaren erabilerak atzera egin dute nabarmen. 2006tik bizikletaren erabilera gora ari zen, 4 puntu urte bakoitzeko, baina beherakada handia izan du 2014. urtearen aldean (-4 puntu), eta bidaia guztien % 8 izan da 2019an. Oinezkoen joan-etorriek ere behera egin dute (-3 puntu), 2006 urtekoen antzeko balioetan kokatuz. Aldiz, automobilaren erabilerak gora egin du berriz ere, 30 punturaino (+5 puntu).

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Gasteizko banaketa modalari buruzko datu horiek kolokan jartzen dituzte azken hamarkadan udalak mugikortasunaren alorrean aurrera eramandako politikak. Alderdi berdearen ustez, Lazcoz gobernuaren garaian garraio publikoaren linea guztiak berritu eta aparkalekuen erregulazioaren lehen fasea inplementatu zenez geroztik, jardun txikiak baino ez dira aurrera eraman. Orain gutxi trenbidea zabaldu da eta BEI inplementatu da, baina hori ere ez da nahikoa izango planaren helburuak betetzeko, benetako garrantzia izango duten jardunak superretxadi guztien inplementazioa (2008an Plana onartu zenez geroztik jasota dagoen neurria) eta TAO zabaltzea izango direlako.

Alabaina, Marotoren gobernua zein Urtaranen egungo gobernuak nahiago izan dute benetan garrantzitsuak diren neurri horiek alde batera uztea, espazio publikoa herritarrentzat eta ez ibilgailu pribatuentzat berreskuratzea ahalbidetzen duten neurriak izan arren. Gobernu batak zein besteak, ondo zekiten arren Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planaren arrakasta bermatzeko beharrezkoa zela superretxadiak eta TAO abian jartzea, nahiago izan dute bi neurri horien inplementazioa gerorako uztea, luzamendutan arituz hauteskunde-arrazoi soilengatik.

“Argi geratu da trenbidea hainbat aldiz zabaldu arren, bidegorri pila bat inplementatu arren eta hamaika “eguzki” pintatu arren, hori guztia ez dela nahikoa izango superretxadien eta TAO zabaltzeko politika berriak lehenbailehen abian jartzen ez badira, gehiago berandutu gabe, Mugikortasunaren Planean ezarritakoari jarraikiz. Gasteizek ausardiaz jokatu zuen orain hamar urte, Plana inplementatzen hasi zenean. Eta bada politika ausart horietara itzultzeko garaia, mugikortasun jasangarria Gasteizen errealitate bihur dadin” azpimarratu dute alderdi berdekoek.