Azpiegitura handietara bideratutako inbertsioak Santander-Bilbo trenbidea hobetzeko erabil daitezen eskatzen du EQUO Berdeak alderdiak, baita maiztasuna handiagoa izatea ere

  • Euskadiko alderdi berdeak hainbat azpiegitura, hala nola, AHTa egikaritzeko luzamendu-proposamena egin du berriro, Covid-19aren ondoko egoeran ekonomikoki eta finantza-aldetik bideragarria ote den egiaztatu arte eta, hartara, diru hori herritarren benetako garraio-premiak betetzera bideratu daiteke
  • Bi alderdiek zalantzan jarri dituzte Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak egindako adierazpenak; izan ere, obra horien finantzaketa ia osoa Europako Batzordeak eskainitako Errekuperaziorako “Covid” funtsen kontura egiteko asmoa du

EQUO Berdeak eta EQUO Cantabria alderdien ustez trena da garraiobiderik egokiena mugikortasun jasangarriaren erronkei erantzuteko; horrela, bada, Santander-Bilbo trenbidea egokitzeko beharrezkoak diren inbertsioak berreskuratzearen alde egiten dute, baita bi hirien arteko trenen maiztasunak areagotzearen alde ere.

Horretarako, azpiegitura handietara bideratutako inbertsioak tren-linea hori hobetzeko erabiltzea proposatu dute, garraiobide horren egoera zaharkituaren ondorioak, etengabeko matxurak eta ordutegien murrizketak pairatu behar dituzten erabiltzaileen eskaerei erantzutearren.

Euskadiko alderdi berdeak maiatzean egindako erreklamazioa berretsi du, hau da, hainbat azpiegitura egikaritzeko luzamendua eskatzea, Covid-19aren ondoko egoeran ekonomikoki eta finantza-aldetik bideragarriak ote diren egiaztatu arte. EQUO Berdeak alderdiak honako obra hauek geldiaraztea eskatu zuen: euskal Y-a, Trenbidearen Hego Saihesbidea, AHTaren Bilboko eta Gasteizko sarbideak edo Supersur autobidearen azken zatia, besteak beste.  “AHTaren obretara bideratutako aurrekontu-partida soilik hartuta 90 milioi euro dira. Diru horren zati bat herritarren benetako garraio-premiak betetzera bideratu daiteke, kasu honetan, Bilbo eta Santander lotzen dituen trena. Une zail hauetan, Eusko Jaurlaritzak eta gobernu zentralak argi adierazi behar dute zer mugikortasun-ereduren alde egiten duten: edo AHTaren alde, hau da, milioika euroko inbertsioak behar dituen eta, pandemiak eragindako krisialdiaren ostean, bideragarritasuna zalantzan geratu den eredua, eliteentzako garraiobidearena, hala nola Transkantauriarra; edo herri eta hiriak lotzen dituzten lineen alde, benetan erabilgarriak diren eta herritarrek eskatzen dituzten lineen eredua”, nabarmendu du Joserra Becerra EQUO Berdeakeko kobozeramaileak.

Gizarteak hainbeste eskatzen dituen eskualdeko linea horiek errentagarri bihurtzeko plangintza on bat eta mantentze-lanak ezinbestekoak dira, eta hori guztia finantzatu liteke aipatu inbertsioak desbideratuz gero. Alderdi berdeak zalantzan jarri ditu Miguel Ángel Revilla Kantabriako presidentearen adierazpenak; adierazpen horien arabera, tren-linea horretarako ia esleitutzat eman du Europako Batzordeak Espainiari eman dizkion “Covid” funtsen zati bat, Errekuperazioko Funtsaren dirua 2023. urtera arte baliatu behar baita eta data hori baino lehen ez baitira hasiko Santander-Bilbo trenaren obrak.

EQUO Berdeak eta EQUO Cantabria alderdiek bat egiten dute ‘Santander-Bilbo trenaren aldeko Plataformaren’ aldarrikapenekin; Covid-19aren ondoren, Adifek ezarritako ordutegi-murrizketaren ondorioz sortu zen plataforma hori, bi hirien arteko lineak egunean ibilbide bat baino ez duenez egiten.