● Bilboko Portu Agintaritzak sustatu nahi du itsasadarra estutzea Gehryren zubiaren parean, Zorrotzaurreko lurretan hirigintza-espekulazioari lotutako interes ekonomiko pribatuei mesede egiteko, nahiz eta horrek uholdeak izateko arriskua areagotuko duen eremu osoan.
● Ricardo Barkala buruan duen Portu Agintaritzaren jardun hori Eusko Jaurlaritzaren planteamenduen aurka doa; izan ere, EQUO Berdeak alderdiarekin sinatutako aurrekontu-akordioaren arabera, Nerbioi-Ibaizabalgo eta Pasaiako ibaiertzetan uholde-arriskuko mugak eguneratu beharra zegoela onartu zuen, euskal kostalde osoan klima-aldaketaren efektuak gehien nabari dituzten eremuak direla kontuan hartuta.
Euskadiko alderdi berdean oso kezkatuta gaude Zorrotzaurreko penintsulako hirigintza-operazioaren nondik norakoa ikusirik, Gehryren zubiaren parean Nerbioi itsasadarraren ibilguaren zabalera ia heren bat murriztuko dela jakin ondoren. Eremuan altxatzen ari diren eustormak aukera emango du penintsula zaharrean lur berriak sortzeko, Deustuko kanalari tokia kenduz. Aipatzekoa da obrak egikaritzeko ardura duten enpresei ez zaiela lana diruarekin ordainduko, Zorrotzaurreko bizitegi-blokeetako batzuk eraikitzeko eskubideekin baizik, inplikatutako erakunde guztiek babestutako espekulazio-prozesu batean.
Bitxia bada ere, 2018an Bilboko Udalak Deustuko Kanala zabaltzeko lana burutu zuen, eta 20 milioi euroko kostua izan zuen ingeniaritza zibileko lan hori justifikatu zuten esanez puntu horretan itsasadarraren urak husteko ahalmena handitu beharra zegoela, etorkizunean izan litezkeen goraldien ondoriozko uholde-arriskua murrizteko. Orain, itsasadarraren okupazio hori kontrako noranzkoan doa hain justu, eta horrek arrisku larria dakar berekin, ez baita kontuan hartu klima-aldaketaren ondorioz lur horietan itsasoaren maila pixkana-pixkana igoko dela, eta horrenbestez, eremu horretan uholdeak izateko arriskua izango dela.

Horregatik, EQUO Berdeak alderdiak, Ricardo Barkala Bilboko zinegotzi ohi nazionalista buruan duen Bilboko Portu Agintaritzari eskatzen dio itsasadarra estutzeko lan horiek bertan behera utz ditzala, proiektu inbaditzaile hori berrikusi eta klima-aldaketak eremu horretan eragin litzakeen ondorioak berrebaluatu ahal izateko.
Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdiak azpimarratu nahi du Portu Agintaritzaren jardun hori Eusko Jaurlaritzaren planteamenduen aurka doala; izan ere, EQUO Berdeak alderdiarekin sinatutako aurrekontu-akordioaren arabera, ibilguetarako ezarritako uholde-arriskuko mugak zaharkituta zeudela onartu zuen, eta, horregatik partida bat erantsi zuen Nerbioi-Ibaizabalgo eta Pasaiako itsasadarretako uholde-arriskuko mapak eguneratzeko, 500.000 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin 2020ko ekitaldirako.
Alderdi berdearentzat bitxia da ikustea erakundeak egunotan itsasadarraren inguruetan zuhurtziaz ibiltzeko gomendioak ematen ari direla, marea bizien alertagatik eta Deustuko Ibaiertzean eta Zorrotzaurreko Ibaiertzean urak gainezka egin dezakeelako, eta, aldi berean, Portu Agintaritzak operazio hori aurrera eramatea, epe laburrean eremu osoan goraldien igoera ekarriko duelako. “Penintsulan lursail berriak sortuz eta kanalari tokia kenduz interes ekonomiko pribatuei mesede egin nahi dien jardun hori interes orokorraren aurka doa erabat, eta klima-aldaketaren efektuak ez ditu aintzat hartzen, inondik inora. Dagoeneko sumatzen hasiak gara marea bizien ondorioak larriagotzen ari direla, klima-aldaketaren ondorioz. Zer gehiago behar dute zuhurtziaz eta aurreikuspenez jarduten hasteko, errealitate berri horri jarraikiz”, kexatu da Joserra Becerra, alderdi berdeko kobozeramaile.