EQUO Berdeak-ek azpimarratu du ingurumena funtsezko pieza izan behar dela COVID-19ren pandemiaren osteko berreraikuntza ekonomiko eta sozialean

  • Alderdi berdeak lankidetza politiko eta soziala eskatu du, koronabirusaren krisiari eta krisi klimatikoari aurre egiteko irtenbide bateratua eraikitzeko
  • “Euskadi ezin da konformismoan gelditu. Ingurumena babesteko eta desberdintasunak gainditzeko erreferente izan behar du, Gasteizen hainbeste aukera zabaldu dituen Green Capital espirituaz blaituta” Joserra Becerra

Ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta, EQUO Berdeak-ek azpimarratu du ingurumena funtsezko pieza izan behar dela COVID-19ren pandemiaren osteko berreraikuntza ekonomiko eta sozialean. Pandemiak agerian utzi du, modu krudelenean, aire garbia arnasteko, ekosistema osasuntsu eta askotarikoak izateko, kontsumitzen ditugun elikagaiak tokian-tokian ekoizteko eta produktu berrerabilgarriak fabrikatzeko bizi-premia. Alderdi berdearen esanetan, premisa horiek aintzat hartzen ez dituen edozein konponbide-proposamenek, bizi dugun krisi klimatikoarekin batera, porrot egin duen eredu batera itzultzera garamatza. Hala ere, ingurumenaren gaia berreraikuntzan sartzeak euskal gizarte hobe baterantz aurrera egitea ahalbidetuko du, desberdintasunak murriztuz, XXI. mendeko ekonomian ondo kokatuta dagoen ekonomia-ehunarekin eta gizarte bidezkoago eta solidarioago batekin.

Helburu horrekin, EQUO Berdeak elkarlanerako deia egin die Euskadiko alderdi politiko eta sozialei, egungo koronabirusaren krisia eta krisi klimatikoa bilduko dituen irtenbide bateratua eraikitzeko. Alderdi berdearen ustez, orain, inoiz baino gehiago, “Bizkarra emateko” garaia da, eta egoera horretatik hobeto ateratzeko irtenbideak proposatzeko garaia. “Berreraikuntzak berdea izan behar du. Bide bakarra da Euskadi eragile garrantzitsua izan dadin COVID19ren osteko munduko ekonomia berrian, Europako Itun Berdean oinarrituta egongo dena: Ekonomia zirkularra, emisioen eta kutsaduraren murrizketa eta biodibertsitatearen babesa “, nabarmendu du Jose Ramon Becerra lehendakarigaiak.

Gainera, EQUO Berdeak-ek esan du Euskadi ezin dela konformismoan geldirik geratu, are gutxiago osasun, gizarte eta ekonomia arloko ziurgabetasun egoeran. “Irtenbide ezberdinak behar ditugu sistema hankaz gora jarri duen krisi batetik ateratzeko. Euskadin balio erantsia sortuko duten anbizio handiko ingurumen-politikak martxan jarri behar ditugu, osasun gehiago, ongizate handiagoa eta jarduera ekonomiko hobea ekarriko dutenak”, adierazi du Becerrak. Ildo horretan, hautagai berdeak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Euskadi osora zabaltzea Gasteizko Green Capital esperientzia, “Espiritu horrek datorren Eusko Legebiltzarrean eragina izan behar baitu, egoera honetatik hobeto atera gaitezen“.